Euskadiko Lanbide Heziketak genero-segregazio nabarmena erakusten jarraitzen du, bereziki familia industrial eta teknologikoetan; izan ere, horiek dira, enplegagarritasun handiena dutenak. HETELek egindako azken txostenaren arabera, emakumeek LHko ikasle guztien %35 osatzen duten arren, industria- eta teknologia-zikloetan duten presentzia %10era ere ez da iristen. Aitzitik, gehienbat zerbitzuekin lotutako arloak ikasten dituzte, hala nola osasungintza, gizarte- eta kultura-zerbitzuak edo administrazioa eta kudeaketa. Azterketak egiaztatzen du segregazio hori denboran egonkor mantentzen dela eta, gainera, zenbait arlo teknologikotan areagotu egiten dela, informatikaren kasuan bezala, non emakumeen presentziak beheranzko joeran jarraitzen duen. Julen Elgetak, HETELeko presidenteak, adierazi bezala, bilakaera horrek agerian uzten du egungo neurriak ez direla nahikoak STEM esparruetako genero-arrakala murrizteko, eta horrek etorkizuneko lan-aukerei eragiten dien segregazio estrukturala indartzen du. Testuinguru hori gorabehera, HETELeko ikastetxeetan LH titulua lortu duten emakumeen laneratze-datuak oso positiboak dira. Enplegagarritasuna nabarmen handitzen da kualifikazio-maila igotzen den heinean, eta bereziki datu azpimarragarriak lortzen dira Dual Intentsiboko modalitatean; izan ere, ziklo askotan —goi-mailakoetan zein erdi-mailakoetan— %100eko laneratzea erregistratzen da. Modalitate hori, beraz, emakumeen enplegurako sarbidea errazteko tresna gisa sendotzen ari da, batez ere industria- eta teknologia-inguruneetan. Txostenak, halaber, ikasitako prestakuntzaren eta egindako lanaren arteko egokitzapen maila handia nabarmentzen du, bai eta emakumeek baloratzen dituzten faktoreen garrantzia ere: kontziliazioa, egonkortasuna, lanbide-promozioa eta errespetuzko lan-ingurunea. Emaitza horiek indartu egiten dute orientazio, sentsibilizazio eta laguntza estrategiak bultzatzen jarraitzeko beharra, Lanbide Heziketa eta lan-merkatua bidezkoagoak izan daitezen. ???? Txosten osoa hemen ikus daiteke: https://web.somoscaidalibre.com/wp-content/uploads/2026/01/INFORME-SITUACION-LABORAL-2024-2025-MUJERES.pdf