HETEL

Portugaleko irakasleak HETEL ikastetxeak bisitatu dituzte

Portugalgo ETAP (Viana do Castelo) ikastetxeko irakasle talde batek Deustuko Salestarrak, San Viator, Gurutze Gorria eta Sopeñako HETEL ikastetxeak bisitatu ditu, Erasmus+ Programak diruz lagundutako mugikortasunaren parte gisa. Bost egunez, gure irakasleei lagundu diete ikasgelan, ikasleekin elkarreraginez eta ETHAZI metodologiaren ezarpena nolakoa den eta ikastetxearen antolaketan eta eguneroko kudeaketan nola eragiten duen ikasiz. ETAP duela urte batzuk hasi zen Tknikak garatutako metodologia hori bere Lanbide Heziketako sistemara egokitzeko urrats txikiak ematen, eta hirugarren aldia da HETEL ikastetxeak bisitatzen dituztela bide horretan laguntzeko. Euskadiko Lanbide Heziketak duen prestigioaren beste froga bat, gure mugetatik kanpo ere.

Cyber-In proiektuan ikasleak inplikatuz

Pasadan astean ofizialki hasi genuen Erasmus+ KA2 Cyber-In proiektuaren azken fasea, Roskilden (Danimarka) egindako bileran. Industria-inguruneetako zibersegurtasun gaitasunei buruzko ikerketa egin ondoren —Euskal Herriko, Danimarkako, Italiako, Estoniako eta Herbehereetako 40 enpresa ingururen partaidetzarekin—, eta Lanbide Heziketako irakasleentzako prestakuntza-materialak garatu ondoren, orain ikasleak inplikatzeko fasean gaude, industria-inguruneetan zibersegurtasun ezagutza eta gaitasunak garatu ditzaten. Urritik abendura, Maristak Durango (Euskal Herria), Roskilde Technical School (Danimarka) eta ROC Da Vinci (Herbehereak) ikastetxeetako irakasleek erronkan oinarritutako jarduera bat garatuko dute IT eta OT programetako ikasleentzat, nazioarteko eta arlo arteko lankidetza sustatuz. Ikasleek 3 hilabete izango dituzte proposatutako erronka ebazteko, eta emaitzak martxoaren hasieran aurkeztuko dituzte Durangon (Euskal Herria). Cyber-In proiektuan gure ikasleak inplikatzeko gogo handiz!

60 beka Global Training goi mailako tituludun gazteentzat

Global Training programari esker, LHko goi mailetan eta Unibertsitatean titulatutako euskal gazteek praktikak egin ahal izaten dituzte atzerriko enpresetan. Programa hau Basque Trade & Investment (Nazioartekotzearen Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren ekimena da, eta, besteak beste, HETEL, Confebask, Politeknika Txorierri eta Adegik osatutako partzuergoak kudeatzen du. Patzuergo honek aurten 60 plaza eskainiko ditu goi-mailako unibertsitateko eta LHko tituludun gazteentzat. Gutxienez 6 hilabeteko nazioarteko praktikak izango dira, 21 herrialdetan. Hautatutako gazteak azarotik aurrera abiatuko dira euren helmugara: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Txile, Txina, Zipre, Hegokorea, Frantzia, Grezia, Indonesia, Irlanda, Italia, Malta, Mexiko, Herbehereak, Peru, Portugal, Thailandia, Txekiar Errepublika eta Erresuma Batua. Bekek 1.635 euro hileko diru-laguntza eskaintzen dute. Parte-hartzaileek 50 orduko prestakuntza jasoko dute bidaia aurretik. Eskabideak aurkezteko epea 2025eko irailaren 12an amaituko da. Informazio gehiago: www.global-go.net

CircularVET: Lanbide Heziketa jasangarriago baterako beste urrats bat

Aste honetan, CircularVET proiektuaren hirugarren bilera egin da Norvegian.Bilera oso emankorra izan da: Bilera hau aurrerapauso garrantzitsua izan da Europako ingurumen-erronkei eta politika jasangarriei erantzuten dien Lanbide Heziketa berdeago baten aldeko gure konpromisoan.

Network of Networks nazioartekotze taldea Bilbon bildu da

Lanbide Heziketako ikastetxe sareen sareko nazioarteko lantaldea, Network of Networks, Bilbon bildu da datorren ikasturtean egingo den ikasle-trukea prestatzeko. Bilbo harrera hiri izango duen esperientzia pilotu honetan, Holanda, Finlandia, Irlanda, Eskozia, Ipar Irlanda eta Euskadiko erdi mailako 30 bat ikaslek parte hartuko dute, 10 irakaslerekin batera. Landuko duten gaia EBren balioetako batekin lotuta egongo da, giza eskubideekin, zehazki, hainbat faktoreren araberako diskriminazioarekin (generoa, etnia edo sexu-orientazioa), eta diskriminazio horrek enpresetako praktiketan eta lan-proiekzioan duen eraginarekin. Gainera, nazioartekotze-taldeak Erasmus+ “Jean Monnet Networks” deialdirako etorkizuneko proposamen batean lan egin du egun hauetan, Europako balioak eta politikak lanbide–heziketaren testuinguruan lantzeko. Bi egun oso emankorrak izan dira!

Adi, prest, abantean!

Otsailak 5ean egin da aurtengo lanbide heziketako 145 Erasmus+ HETEL bekadunei zuzendutako hitzaldia; jatorrizko herrialdeei buruzko informazioa, atzerrian egingo duten egonaldiaren gaineko gomendioak eta Erasmusen dokumentazioari buruzko argibideak emateko. Guztia prest dago erdi eta goi mailako ikasleek Europako 6 herrialde ezberdinetako enpresetan 13 asteko praktikaldia egiteko (Italia, Bulgaria, Portugal, Letonia, Malta eta Polonia). Oinarrizko mailako Lanbide Heziketako ikasleekin hitzaldia hurrengo hilabeteetan egingo da. Kasu honetan, ikasleak maiatzean 4 asteko praktikak Portugalgo enpresetan egingo dituzte. Ekitaldi honetan Rural Kutxako arduradunek ere parte hartu dute; izan ere, goi-mailako Erasmus+ bekak SEPIEk finantzatzen ditu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza daukate. Honetaz gain, Rural Kutxaren laguntza ere badute, familientzako laguntza benetan garrantzitsua. HETELetik eskertzen dugu Rural Kutxak Lanbide Heziketarekin duen konpromisoa. Esperientzia ahaztezina opa dizuegu!

Nazioarteko mugikortasunak kudeatzeko Europako aliantzak indartuz

HETELen Erasmus plus beka bati esker, Olga Alday Centro Formación Somorrostro ikastetxeko irakasleak, Finlandiako Helsinki Lanbide Heziketako ikastetxeak antolatutako irakasleen topaketa batean parte hartu du. Ekitaldi honen helburua Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea izan da, ikasle atzerritarren praktikak elkarren artean kudeatzen saiatzeko. Jardunaldi honen balorazioa oso positiboa izan da, Europako iparraldeko herrialdeetako, Ekialdeko herrialdeetako edo Frantziako irakasleek parte hartu baitute, eta horrek lankidetzarako aukerak erraztuko ditu.

Oinarrizko Lanbide Heziketa Erasmusean doa

Apirilaren 29an informazio-saioa egin zen Bilboko María Inmaculada ikastetxean, oinarrizko LHko ikasleekin, eta haien senideekin, Portugalera joan aurretik. Dozena bat ikaslek Portugalgo enpresetako lantokietan prestakuntza osatzeko aukera izango dute, eta, horri esker, gaitasun teknikoak eta zeharkakoak hobetu ahal izango dituzte, baita atzerriko herrialde batean moldatzen ikasi ere, hori guztia erasmus+ programari esker. Zorte on guztioi! Abantean!