HETEL

ABENTURA BIKAINA: ROC DA VINCI – OTEITZA LIZEO POLITEKNIKOAren arteko elkartruke-proiektua

Oteitza Lizeo Politeknikoko sei ikasle ausart, bi irakasle konprometiturekin batera, ilusioz betetako truke-proiektu batean murgildu ziren Herbehereetako Dordrecht hirian dagoen ROC Da Vinci ikastetxearekin. Abentura hau proiektuaren bigarren fasea izan da; izan ere, aurrez sei ikasle herbeheretarrek Oteitza Lizeo Politeknikoaren instalazioak bisitatu zituzten, eta horrela eman zioten hasiera ekimenari. Lehen etapa horretan, ezagutzak eta iritziak partekatu zituzten, eta talde-lanaren hainbat alderdi bizitzeko aukera izan zuten. Bidaia hau izan da proiektuaren amaiera. Bertan, ROC DA VINCI ikastetxeko instalazio ikusgarriak ezagutzeko aukera izan zuten, proposatutako erronkari amaiera emateko. Esperientzia borobiltzeko, eskualdeko enpresa erreferenteetako batek, GBS International enpresak, ateak zabaldu zizkien. Quintinek (GBSko hezkuntza-arloko arduraduna) eta Josek (gehikuntzazko konponketaren arduraduna) gidatutako bisitan, eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak zehaztasunez azaldu zizkieten, baita praktiketako ikasleek lantegian jasotzen duten prestakuntza eta ondorengo jarraipena ere. Jasotako harrera ezin hobea izan zen. Esperientzia hau guztia Rotterdam hiriak eskaintzen duen ingurune paregabeak lagundu zuen. Hiriak dituen kontrasteak eta aisialdirako aukerak gozatzeko aukera izan zuten. Benetako abentura, zalantzarik gabe. Eskerrik beroenak HETELi eta Erasmus+ bekari, esperientzia eder hau bizitzeko aukera emateagatik.

LH FPONLH Arabako enplegagarritasun jardunaldien edizio berria

Azaroko azken astean Arabako LHko enplegagarritasun jardunaldien edizio berri bat egin da. “LH ON LH” lelopean, Arabako LHko Enplegagarritasun Jardunaldien helburua Arabako Lanbide Heziketako ikasleen laneratzea edo enplegagarritasuna hobetzeko ikaskuntza- eta truke-gune izatea da, lan-merkatuaren beharretara hurbilduz. Ekimena Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazio Sailetik abiatzen da, eta Lanbideren, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren, eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe sareen (Ikaslan Araba eta HETEL) babesa du. Edizio honetan, Arabako Lanbide Heziketako hainbat ikastetxek ikasleentzat tailer ezberdinak antolatu dituzte, hauen enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin: – Lana bilatzeko CIP prozesua (Jorge Ortiz de Urtarán) – Zure marka pertsonalak dena esaten du. RRSS, Internet eta enplegua (Miguel de Ándres)– Norberaren ezagutza eta motibazioa enpleguan (Leyre Cano) – Lan egiteko modua: aktibatuta (AMPEA) – Lansarean: euskarazko lan-ataria (Uxue Andoño) – Ezagutu enplegurako zure kolore-talentuak (Javier Yoller) Esparru horretan, azaroaren 26an Lanbide Heziketako tituludunentzako Enplegu Azoka antolatu da Europa Jauregian. Lanbide Heziketako profilak dituzten pertsonak sartzeko beharra duten enpresen eta Lanbide Heziketako tituludunen arteko topagunea da. Gainera, erakunde publikoak eta lan-munduarekin lotutako eragileak ere egon dira. 30 enpresa parte-hartzaile baino gehiagok 300 elkarrizketa baino gehiago egin dizkiete eskainitako lanpostuetan interesa duten pertsonei. Zehazki, hauek izan dira parte hartu duten enpresak: ACITURRI-ALESTIS, AEG POWER SOLUTION IBERICA, AJL OPHTALMICS, ALAVESA DE MECANICA Y TRANSFORMACIONES (LOGIBERIA), ALDAKIN VITORIA, A Y G ASISTENCIAL, BASQUEVOLT, CABALLITO-PFERD, COYCAVI, CYBERTIX, DHL SUPPLY CHAIN, EBA, EGOIN WOOD GROUP, ETHYPHARM, FERROVIAL ENERGY, FIASA, IMESAZA, INGURU ABENTURA, MATECO, MYCESA, ORONA, PEPSICO, RESIDENCIA UZQUIANO, RPK, SECURE.IT, SERBILAU, SERVEO, TALGO, TRANSGRUAS, ULMA eta ZAINTZEN.

Salesianos Urnietako irakasleek HETELen eskutik Bulgariako enpresen eta ikasleen bisita egin dute

Lau ikasle dira, eta ERASMUS+ programan parte hartzen ari dira Sofian, Bulgariako hiriburuan. HETELen eskutik egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko LHko ikastetxeek osatzen duten elkartearen eskutik. Salesianos Urnietako bi irakasle Sofiara joan dira, Bulgariako hiriburura, han ERASMUS+ bekarekin dauden ikasleak bisitatzera. Ikasleen egonaldi hau Dual Orokorraren baitan sartzen da; hau da, ikasten ari diren Lanbide Heziketako zikloa amaitzeko enpresan hiru hilabetetako egonaldia egin behar dute eta kasu honetan, bulgariako enpresetan ari dira egiten. Egonaldian, gainera, ikasleak prestatzen ari diren enpresetako batzuk bisitatu ahal izan dituzte, baita hango Lanbide Heziketaren testuingurua ezagutu eta kolaborazio posibleak aztertu ere. Bisitatutako enpresetako bat BHTC da, munduko liderretako bat automobilgintza industriako kontrol klimatikoaren eta kudeaketa termikoaren arloan. Produktu multzo nagusiak ibilgailuen aire giroturako kontrol panelak eta kontrol unitateak dira, baita kontsola zentralak/HMIak ere. BHTCk prozesu osoa hartzen du, produktuaren diseinutik hasi eta klimatizazio sistema osoen ekoizpeneraino. Era berean, Bulgariako hiriburutik igaro dira enpresa laguntzaileekin zein agentzia bitartekariekin loturak sendotzeko eta, horrela, etorkizuneko kooperazioetan lanean jarraitu ahal izateko. Bertako errealitatea ezagutzeko aukera izan dute bi irakasleek eta etorkizunean ildo horretatik lanean jarraitzeko zubiak eraiki dituzte.

FP ON LH Arabako Enplegarritasun jardunaldiak. Enplegu Azoka 2024

Enpresak eta Lanbide Heziketako ikasleak edo tituludunak elkartzeko gunea izango da, erakunde publikoak ere bertan izango direlarik. Azaroak 4tik 22ra https://fponlharaba.eus webgunean izena eman dezakezu eta zure burua aurkeztu bertaratzen diren enpresetan… zure etorkizun profesionalari bultzada bat eman!