Urriaren 1ean eta 2an, HETELek, Nazaret bazkidearekin batera, parte hartu zuen Digistainability erasmus proiektuaren bileran, Portugalgo Tomar herriko Institutu Politeknikoan. Proiektuaren helburua Europako marketineko hezkuntza-programetan gaitasun digitalak eta jasangarriak modu eraginkorrean txertatzea da, eta, horrela, lanbide-heziketa modernizatzen laguntzea. Bileran hainbat herrialdetako ordezkariek parte hartu zuten, besteak beste, Euskadi, Alemania, Italia, Portugal eta Bulgariakoak. Topaketan, proiektuaren aurrerapenak berrikusi ziren, eta egungo curriculumak egokitzeko modua eztabaidatu zen, negozioetan jasantarritasunean, digitalizazioan eta etikan funtsezkoak diren trebetasunak sartzeko. Ikasle, irakasle eta profesionalei egindako inkesten eta herrialde bakoitzean antolatutako focus group-en bidez, marketinaren etorkizunerako gaitasun garrantzitsuenak identifikatu ziren, eta curriculum berrietarako oinarri izango diren sei bloke nagusi ezberdindu ziren. Gai nagusietako bat programak ECTS kredituak erabiliz estandarizatzeko beharra izan zen, Europako hezkuntza-sistemen artean uniformetasun eta koherentzia handiagoa izateko. Gainera, kolore-kodeen sistema bat ezartzea erabaki zen, gaitasunak garrantziaren arabera sailkatzeko, horrek aukera emango baitie ikastetxeei gaitasun horiek modu eraginkorragoan integratzeko. HETEL eta Nazaret bezalako erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izan da prozesu honetan. Elkarrekin, ikuspegi baliotsuak eman dituzte Euskal Lanbide Heziketaren eremutik, Europan ezarriko diren curriculumetarako ikuspegi berritzailea bultzatuz. Ikasleekin frogatuko diren prestakuntza-materialen garapena ere eztabaidatu zen, eta nabarmentzekoa da prestakuntza praktikoak garrantzi handia duela tresna digitalen erabileran eta marketin iraunkorraren testuinguruan datuak aztertzean. Azkenik, proiektuaren hedapen-estrategiak indartzeko ere balio izan zuen bilerak. Web-orriaren garapenaren egoera berrikusi zen, eta sare sozialetan komunikazio-plan bat adostu zen, proiektuaren aurrerapenak eta emaitzak ikusarazteko. Hurrengo urratsa gaitasunen taula amaitzea eta ikaskuntza emaitzetan oinarritutako curriculum-integrazioarekin jarraitzea izango da. Azaroan, bazkideak berriro bilduko dira aurrerapenak aztertzeko eta hurrengo ekintzak antolatzeko.