HETEL

Nazioarteko mugikortasunak kudeatzeko Europako aliantzak indartuz

HETELen Erasmus plus beka bati esker, Olga Alday Centro Formación Somorrostro ikastetxeko irakasleak, Finlandiako Helsinki Lanbide Heziketako ikastetxeak antolatutako irakasleen topaketa batean parte hartu du. Ekitaldi honen helburua Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea izan da, ikasle atzerritarren praktikak elkarren artean kudeatzen saiatzeko. Jardunaldi honen balorazioa oso positiboa izan da, Europako iparraldeko herrialdeetako, Ekialdeko herrialdeetako edo Frantziako irakasleek parte hartu baitute, eta horrek lankidetzarako aukerak erraztuko ditu.

Irakasleen mugikortasuna Eskoziara

HETELen Erasmus+ beka bati esker Jon Lago Somorrostro ikastetxeko irakasleak Eskoziako Shetland uharteetako Anderson High School ikastetxea bisitatu du. Hezkuntzan digitalizaziorako joera dagoen arren, ikastetxe honek liburuetan eta paperean oinarritutako metodo tradizionalagoetara itzultzea erabaki du, eta gailu digitralak oso noizean behin bakarrik erabiltzen dituzte. Topaketa horren ondoren, Somorrostro ikastetxeko irakasleek gogoeta egin dute hezkuntza-metodologien eraginkortasunari buruz, eta ikuspegi bakoitzak bere onurak eta erronkak izan ditzakeela adierazi dute. Somorrostro ikastetxean ikasgelan teknologia txertatzea bultzatu bada ere, Anderson High Schooleko esperientziak erakutsi du baliabide tradizionalagoak erabiltzeak lotura sakonagoa sustatu dezakeela ikasmaterialarekin eta beste trebetasun batzuk sustatu, hala nola kontzentrazioa eta eskuz idaztea. Bisita honek hezkuntza-praktikak eskola-komunitate bakoitzaren beharretara eta berezitasunetara egokitzearen garrantzia azpimarratzeko balio izan du, eta, beharbada, ikastetxe eta ikasle guztientzako ikuspegi orokor bat ez dala estrategiarik eraginkorrena ohartarazteko. Anderson High School-en oinarri sinpleagoetara itzultzeko hautuak eskuragarri dauden ikuspegi pedagogikoen aniztasuna nabarmentzen du, baita testuinguru bakoitzerako egokiena zein den arretaz aztertzearen garrantzia ere. Irakasleok zein erakundeok gogoratu behar dugu hezkuntza eraginkorra eta kalitatezkoa lortzeko gakoa ikaskuntza esanguratsua eta iraunkorra sustatzeko oreka egokia aurkitzea dela.