HETEL

Euskadi-Italia nazioarteko zibersegurtasun erronkaren itxiera Milanen

Maristak Durango ikastetxeko irakasle eta ikasle talde bat Milanera joan da ITS Angelo Rizzoli Italiako ikastetxearekin batera garatutako zibersegurtasun arloko nazioarteko erronkaren hirugarren edizioa osatzeko. Ikastetxe bakoitzean hainbat astez urrutitik lan egin ondoren, Italiako azken topaketa honek aukera eman zien emaitzak partekatzeko, aurkezpen bateratua koordinatzeko eta nazioarteko lankidetzako ingurune erreal batean ikasten jarraitzeko. Era berean, Jakala enpresa bisitatzeko aukera izan genuen. Bertan, zibersegurtasuna esparru profesionalean nola lantzen den ezagutu ahal izan zuten, ikasleei sektorearen errealitatea are gehiago hurbilduz eta haien motibazioa indartuz. Ikasketa teknikoaz gain, mugikortasunak hiriaz, kulturaz, gastronomiaz eta giroaz gozatzeko aukera eman zuen, eta esperientzia bereziki aberasgarria bihurtu zen maila akademikoan zein pertsonalean. Hori guztia HETELek kudeatutako mugikortasun konbinatuko Erasmus plus bekei eta laguntzari esker egin da. Beka horiei esker, ikasleek eta irakasleek beren prestakuntzarako hain baliotsuak diren nazioarteko esperientziak bizitzen jarrai dezakete. Hiru edizioren ondoren, proiektu bateratu hau sendotu egin da… eta hurrengoa prestatzen ari gara datorren urterako! Eskerrik asko. Grazie Mille!

Eskerrik asko HETEL Sarian gurekin egon zareten guztioi

Azaroaren 3an, HETELek “HETEL Saria” sariaren IX. edizioa ospatu zuen, Lanbide Heziketarekiko konpromisoaren saria, aurten “Elkarlana eraldaketarako gakoa” lelopean.  Ekitaldi honetan, gizarte-eraldaketa lortzeko lankidetzak duen garrantzia nabarmendu nahi da, Sebastien Lópezen eskultura, HETELen lidergoa eta lankidetza irudikatzen dituena, sariaren golardoarekin bat etorriz. Ekitaldiari hasiera emateko, Julen Elgeta HETELeko presidenteak elkartearen estrategia berria aurkeztu zuen eta lankidetzaren garrantzia azpimarratu, Lanbide Heziketa eta gzartea eraldatzeko. Ondoren, erakunde laguntzaileei, Euskaltel Fundazioari eta BBK Fundazioari, bidea eman zitzaien. Honen ostean, “Gizarteratzeko aliatuak: Lanbide Heziketatik bizitzak eraldatzen dituzten lankidetzak” mahai-ingurua egin da. Bertan izan dira Koldo Usubiaga, Peñascal Heziketa ikastetxeko enpresekiko harremanetarako arduraduna; Javier Urzay, Decocarpi, baztertzeko arriskuan dauden profilak dituen enpresa kolaboratzailea; eta Némesis Eduarda Perlaza, diseinu eta altzari-hornikuntzako tituluduna, oinarrizko mailako LHn hasi zuen ibilbidea kontatuko diguna. Julen Elgetak, Gorka Aretxaga, Xabi López eta Javier Laisekarekin batera, HETEL Saria 2025 sariak eman zizkien GRI Forjas Iraeta, Ingeteam eta RPK enprei, Lanbide Heziketarekin duten lankidetza nabarmenagatik. Sarituak izan dira, hain zuzen ere, bigarren mahai-inguruko protagonistak. Mahai-inguru horretan, “Lankidetza eraldatzeko gako gisa: Enpresak eta LH etorkizuna eraikitzen” gaia jorratu da, eta Lanbide Heziketako enpresek eta ikastetxeek gizarte gisa aurrera egiteko duten elkarlanaren beharrean sakondu da. Ekitaldia Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren hitzaldiarekin amaitu da, Euskadiko Lanbide Heziketak dituen onurak azpimarratu zituelarik. Pilar Kaltzada jardunaldiaren dinamizatzailea izan zen. Ekitaldian ordezkaritza instituzional eta sozial handia izan zen, eta HETELetik eskerrak eman nahi dizkiogu, Euskadiko Lanbide Heziketaren garapenerako hain beharrezkoak diren lankidetza eta ahaleginen lerrokatzea sendotzen dituelako. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Euskaltel eta BBK Fundazioeei aurten ere Lanbide Heziketarekiko konpromisoaren Sari hau babesteagatik. Eskerrik asko eta Abantean! Laburpen bideoa: https://youtu.be/wiYHjAQMe9E

Cyber-In proiektuan ikasleak inplikatuz

Pasadan astean ofizialki hasi genuen Erasmus+ KA2 Cyber-In proiektuaren azken fasea, Roskilden (Danimarka) egindako bileran. Industria-inguruneetako zibersegurtasun gaitasunei buruzko ikerketa egin ondoren —Euskal Herriko, Danimarkako, Italiako, Estoniako eta Herbehereetako 40 enpresa ingururen partaidetzarekin—, eta Lanbide Heziketako irakasleentzako prestakuntza-materialak garatu ondoren, orain ikasleak inplikatzeko fasean gaude, industria-inguruneetan zibersegurtasun ezagutza eta gaitasunak garatu ditzaten. Urritik abendura, Maristak Durango (Euskal Herria), Roskilde Technical School (Danimarka) eta ROC Da Vinci (Herbehereak) ikastetxeetako irakasleek erronkan oinarritutako jarduera bat garatuko dute IT eta OT programetako ikasleentzat, nazioarteko eta arlo arteko lankidetza sustatuz. Ikasleek 3 hilabete izango dituzte proposatutako erronka ebazteko, eta emaitzak martxoaren hasieran aurkeztuko dituzte Durangon (Euskal Herria). Cyber-In proiektuan gure ikasleak inplikatzeko gogo handiz!

HETELen eta ACFPI LHko elkarte katalanaren eta Francesc Roca Kataluniako Gobernuko LHko idazkari nagusiaren arteko topaketa

Francesc Roca Kataluniako Gobernuko Lanbide Heziketako idazkari nagusiak HETELeko (Euskadiko itunpeko eta irabazi asmorik gabeko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkartea) eta ACFPIko (Kataluniako LHko itunpeko ikastetxe integratuen elkartea) ordezkariak hartu ditu. Bileran, Lanbide Heziketako Lege berria ezartzearekin lotutako hainbat alderdi jorratu dira, bi erkidegoen arteko lankidetza-loturak indartzeaz gain. Maiatzean, Jon Labakak, Eusko Jaurlaritzako LHko sailburuordeak, bilera bat izan zuen bi elkarteekin, helburu berarekin. HETELeko arduradunek Kataluniara egindako bisita hau baliatu da euskal irakasleek Kataluniara egindako bisitak ebaluatzeko, aniztasunaren eta inklusioaren kudeaketan dituzten praktikak ezagutzeko, bai eta irakasle katalanek Euskadira egindako bisita ere, Lanbide Heziketan aplikatutako metodologiei buruzko esperientziak trukatzeko. Bi kasuetan balorazioa oso positiboa izan da, beraz, datorren ikasturteko ekintza-planean horrelako jarduera gehiago jorratuko dira. HETELek hezkuntza-kalitatea eta, bereziki, Lanbide Heziketa hobetzeko konpromisoa berresten du, sektoreko funtsezko eragileekin lankidetzan arituz.

Otxarkoagako Irakasleek Lanbide Heziketa Inklusiboa aztertu dute Grezian

HETELen Erasmus+ beka bati esker Otxarkoagako Prestakuntza ikastetxeko bi irakasle, Beñat Hernández eta Ander Arrese, Atenasen (Grezia) egon dira, han bertako Lanbide Heziketako sistema hobeto ezagutzeko eta ikasle migratzaileekin erabiltzen diren hezkuntza tresnei buruz gehiago ikasteko asmoz. Bisitatu dituzten ikastetxe eta erakunde guztiek azpimarratu dute ikaskuntza praktikoaren garrantzia, kolektibo horren prestakuntza errazteko bide eraginkor gisa. Gainera, hainbat eskola eta GKErekin harremanak ezarri dituzte, eta epe ertainera nazioarteko proiektuetan lankidetzak sortzea espero da, bereziki inklusioari eta aniztasunari lotuta. Irakasleen esperientzia hau HETELek sustatutako Erasmus+ bekari esker izan da posible,. Honela, Europako hezkuntza-jardunbide onen trukea bultzatzen du HETELek.

Network of Networks nazioartekotze taldea Bilbon bildu da

Lanbide Heziketako ikastetxe sareen sareko nazioarteko lantaldea, Network of Networks, Bilbon bildu da datorren ikasturtean egingo den ikasle-trukea prestatzeko. Bilbo harrera hiri izango duen esperientzia pilotu honetan, Holanda, Finlandia, Irlanda, Eskozia, Ipar Irlanda eta Euskadiko erdi mailako 30 bat ikaslek parte hartuko dute, 10 irakaslerekin batera. Landuko duten gaia EBren balioetako batekin lotuta egongo da, giza eskubideekin, zehazki, hainbat faktoreren araberako diskriminazioarekin (generoa, etnia edo sexu-orientazioa), eta diskriminazio horrek enpresetako praktiketan eta lan-proiekzioan duen eraginarekin. Gainera, nazioartekotze-taldeak Erasmus+ “Jean Monnet Networks” deialdirako etorkizuneko proposamen batean lan egin du egun hauetan, Europako balioak eta politikak lanbide–heziketaren testuinguruan lantzeko. Bi egun oso emankorrak izan dira!

HETELen eta Koloniako Lanbide Heziketaren arteko lankidetza indartuz

Geschäftsstelle Bezirksregierung Kölneko, Koloniako (Alemania), gobernuaren zati den Europako programen bulegoarekin dugun harreman luze eta onaren ondorioz, aste honetan HETELek eskualdeko hainbat eskolatako 16 irakasle hartu ditu. Bisita honen arrazoia euskal Lanbide Heziketako sistema ezagutzea, HETELek bere ikastetxeak nazioartekotzeko eta inklusiorako estrategien kudeaketan nola laguntzen dituen ulertzea eta, batez ere, gure ikastetxeekin nazioartean lankidetzan aritzeko ideia posibleak identifikatzea izan da. Topaketan, gai horiei buruzko hainbat hitzaldi eta tailer egin ziren, Alemaniako eta Euskadiko irakasleen parte-hartzearekin, HETELeko nazioarteko eta berrikuntzako arduradunek gidatuta. Formatua etorkizunean errepikatuko da, ziurrenik Alemanian, edizio honetako emaitza onak ikusita.