HETEL

Otxarkoagako Irakasleek Lanbide Heziketa Inklusiboa aztertu dute Grezian

HETELen Erasmus+ beka bati esker Otxarkoagako Prestakuntza ikastetxeko bi irakasle, Beñat Hernández eta Ander Arrese, Atenasen (Grezia) egon dira, han bertako Lanbide Heziketako sistema hobeto ezagutzeko eta ikasle migratzaileekin erabiltzen diren hezkuntza tresnei buruz gehiago ikasteko asmoz. Bisitatu dituzten ikastetxe eta erakunde guztiek azpimarratu dute ikaskuntza praktikoaren garrantzia, kolektibo horren prestakuntza errazteko bide eraginkor gisa. Gainera, hainbat eskola eta GKErekin harremanak ezarri dituzte, eta epe ertainera nazioarteko proiektuetan lankidetzak sortzea espero da, bereziki inklusioari eta aniztasunari lotuta. Irakasleen esperientzia hau HETELek sustatutako Erasmus+ bekari esker izan da posible,. Honela, Europako hezkuntza-jardunbide onen trukea bultzatzen du HETELek.

Batxilergoko orientazio-sistema hobetzeko gaitasunak eskuratzen

Jesuitak, Egibide eta Goierri HETEL ikastetxetako ordezkariek Erasmus+ Quahvet proiektuaren barruan Greziako Patras hirian egin diren prestakuntza saioetan parte hartu dute. Proiektu honetan Italia, Suedia eta Greziako bazkideekin batera ari gara lanean batxilergoko ikasleei ematen zaien orientazioa hobetzeko, orientatzaileentzako, familientzako, irakasleentzako eta ikasleentzako materialak garatuz. Proiektuaren helburua pertsonek Lanbide Heziketako goi-mailako zikloei buruz duten ezagutza zabaltzea da, eta kalitate handiagoko orientazio-sistema bat diseinatzea.

Adimen artifizialaren aplikazioak arakatzen Grezian

Jokin Goioaga, Politeknika Txorierriko elektrizitate eta elektronika saileko koordinatzailea, eta Anabel Menica, nazioartekotze arduraduna, Greziako Patras unibertsitatean izan dira, Adimen Artifizialak hezkuntzan dituen aplikazioak eta Erasmus+ proiektuetan etorkizunean lankidetzan aritzeko aukerak aztertzeko. MEAZON SA enpresa bisitatzeko aukera ere izan zuten, energiaren alorrean IoT soluzioen hornitzailea. Bisita hori HETELek kudeatutako erasmus+ mugikortasun-bekei esker egin ahal izan zen.