HETEL

Rijn-Ijssel-eko irakasleak HETEL ikastetxeak bisitatu dituzte

Aste honetan Rijn-Ijssel-eko (Holanda) irakasle talde baten bisita jaso dugu, ikasle kalteberei laguntza emateko jardunbide egokiak ezagutzeko helburuarekin. Zehazki, Zallako Maristak, Angeles Custodios, San Viator eta Otxarkoagako ikastetxeak bisitatu dituzte. Oro har, oso bisita positiboa izan da, bai Rijn-Ijsseleko irakasleentzat, bai HETEL ikastetxeetako irakasleentzat, beren lankideekin esperientziak partekatzeko aukera izan baitute. Gainera, ikasleak pozik egon dira beren egunerokotasuna azaldu ahal izan dutelako eta beren prestakuntza-prozesuan nola sentitzen diren azaldu ahal izan dutelako. Abantean!

Zulaibarreko irakasleak, Herbehereetan egindako Erasmus+ mugikortasunarekin euren praktika pedagogikoa aberastu dute

Zulaibarreko irakasle diren Irene eta Evak HETELen Erasmus Plus bekari esker Herbehereetara mugikortasuna egin dute. Erasmus esperientzia hau oso aberasgarria izan da, izan ere, estimulazio multisentsoriala Snoezelen bidez lantzen duten baliabideak ezagutu ahal izan dituzte. Bisita honetan material eta gela multisentsorialak ezagutu dituzte, bai eta gela horiek erabiltzen dituzten profesionalak ere; haien eguneroko jarduna behatu eta erabiltzaileekin elkarreraginean aritzeko aukera izan dute. Horrez gain, Snoezelenetik harago, aniztasun funtzionala duten pertsonekin esku hartzeko hainbat testuinguru (jolasgunea eta hezkuntza) ezagutu dituzte. Esperientzia honi esker, ideia ugari ekarri dituzte Zulaibarreko gela multisentsoriala eta aniztasun funtzionala duten erabiltzaileekin esku hartzeko moduak hobetzeko. Horrez gain, etorkizunean elkarlanean aritzeko aukera egon daitekeen kontaktuak ere lortu dituzte. Bestalde, oso interesgarria izan da guretzat ezezaguna zen herrialde eta kultura bat ezagutzea, oso ongi hartuak sentitu gara eta ingelesa praktikatzeko eta soltura hartzeko aukera ere izan dugu.

Yonder Holandako ikastetxeko irakasleak HETEL ikastetxeak bisitatzen

HETEL Lanbide Heziketako ikastetxeen sarearen eta Holandako The Dutch Alliance ikastetxeen sarearen arteko harremana 2010ean hasi zen. Lankidetza luze honen ondorioz, joan den astean, Yonder ikastetxe holandarreko irakasleek HETEL ikastetxe batzuk bisitatu zituzten (Otxarkoaga Heziketa Zentroa, Kooperatiba Peñascal, Egibide eta Maristak Durango), gure irakasleekin ikasteko eta ezagutza trukatzeko, honako gai hauei dagokienez: ikasle etorkinei hizkuntza-laguntza ematea, berrikuntzaren kudeaketa, irakaskuntza-ikaskuntzaren kalitatearen kudeaketa, aniztasunaren kudeaketa eta Z. belaunaldiko gazteen behar berriak. Espero dugu ikaskuntza aberasgarria izatea alde guztientzat!

Holandatik zibersegurtasunarekin industria automatizatuan

HETEL aste honetan Cyber-In proiektuko taldearekin bildu da. Proiektu hori Erasmus+ Programak finantzatzen du, eta Herbehereetako ROC Da Vinci ikastetxeak koordinatzen du. 9 hilabeteko lanaren ondoren eta industria-ingurune desberdinetako 30 enpresa baino gehiagori elkarrizketak egin ondoren, gaur egun Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen ditugun IT eta OT curriculumen azterketa osatzear gaude, oraindik jorratzen ez ditugun eta enpresek eskatzen dituzten industria-ingurune automatizatuetako zibersegurtasunarekin lotutako gaitasunak identifikatuz. Azaroaren amaieran, industria-planta baten bretsio interaktibo bat izango dugu eskuragarri, eta bertan ikusi ahal izango da zein diren zibersegurtasun arloko kalteberatasun ohikoenak, prebentzio-neurriak eta langileen gaitasunak eta ezagutzak ingurune industrial zibersegurua eskaini ahal izateko. Laster proiektuaren webgunean! www.cyber-in.eu