HETEL

Rijn-Ijssel-eko irakasleak HETEL ikastetxeak bisitatu dituzte

Aste honetan Rijn-Ijssel-eko (Holanda) irakasle talde baten bisita jaso dugu, ikasle kalteberei laguntza emateko jardunbide egokiak ezagutzeko helburuarekin. Zehazki, Zallako Maristak, Angeles Custodios, San Viator eta Otxarkoagako ikastetxeak bisitatu dituzte. Oro har, oso bisita positiboa izan da, bai Rijn-Ijsseleko irakasleentzat, bai HETEL ikastetxeetako irakasleentzat, beren lankideekin esperientziak partekatzeko aukera izan baitute. Gainera, ikasleak pozik egon dira beren egunerokotasuna azaldu ahal izan dutelako eta beren prestakuntza-prozesuan nola sentitzen diren azaldu ahal izan dutelako. Abantean!

Cyber-In proiektuan ikasleak inplikatuz

Pasadan astean ofizialki hasi genuen Erasmus+ KA2 Cyber-In proiektuaren azken fasea, Roskilden (Danimarka) egindako bileran. Industria-inguruneetako zibersegurtasun gaitasunei buruzko ikerketa egin ondoren —Euskal Herriko, Danimarkako, Italiako, Estoniako eta Herbehereetako 40 enpresa ingururen partaidetzarekin—, eta Lanbide Heziketako irakasleentzako prestakuntza-materialak garatu ondoren, orain ikasleak inplikatzeko fasean gaude, industria-inguruneetan zibersegurtasun ezagutza eta gaitasunak garatu ditzaten. Urritik abendura, Maristak Durango (Euskal Herria), Roskilde Technical School (Danimarka) eta ROC Da Vinci (Herbehereak) ikastetxeetako irakasleek erronkan oinarritutako jarduera bat garatuko dute IT eta OT programetako ikasleentzat, nazioarteko eta arlo arteko lankidetza sustatuz. Ikasleek 3 hilabete izango dituzte proposatutako erronka ebazteko, eta emaitzak martxoaren hasieran aurkeztuko dituzte Durangon (Euskal Herria). Cyber-In proiektuan gure ikasleak inplikatzeko gogo handiz!

VR4VET. Itxiera-bilera Gasteizen, aplikazioa abiarazteko

Errealitate birtualaren erabilerak ikasleen ikaskuntzarako abantailak dituela frogatu du: arreta handiagoa denbora luzeagoan, mugarik gabeko iterazioa, ingurune segurua… Eta premisa horiek erabili ditugu Lanbide Heziketako ikasleen bezeroarentzako arreta-gaitasunak lantzeko VR4VET ingurunea garatzeko. Erasmus+ Programak lagundutako eta Gradia College ikastetxe finlandiarrak koordinatutako proiektuak hainbat interakzio-agertoki garatu ditu ostalaritzarekin, ile-apainketarekin eta estetikarekin, enpresen administrazio eta zuzendaritzarekin eta merkataritzarekin lotutako heziketa zikloetan. Danimarkako, Finlandiako, Herbehereetako eta Euskadiko ikastetxeetako Lanbide Heziketako irakasleen arteko pilotajearen ondoren, eta ikastetxe horietako ikasleekin pilotajea amaitzear dagoela, aplikazioa eskuragarri egongo da proiektuaren webgunean (https://blogit.gradia.fi/vr4vet / ) 2025eko azaroan, erabilera eskuliburuarekin batera. HETELen kasuan, Egibide (Gasteiz) eta Sopeña Bilbao ikastetxeak arduratu dira pilotajea egiteaz, eta lehenak izango dira material horiek lehen aipatutako prestakuntzetan txertatzen.

CircularVET Europar proiektuaren esparruan Lanbide Heziketan ekonomia zirkularra sustatzen

Irailaren 3an, CircularVET Erasmus proiektuaren partzuergoak bilera emankorra egin zuen. HETELetik aktiboki parte hartu genuen lan-pakete ezberdinen inguruko eztabaidetan, bereziki: Truke hauek gure konpromisoa indartzen dute iraunkortasuna eta ekonomia zirkularra Euskadiko Lanbide Heziketara hurbiltzeko, sektorearen beharrak berrikuntza pedagogikoarekin lerrokatuz.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Maristak Durango eta Techint Vilnius: etorkizuneko elkarlanerako atea irekitzen duen Erasmus+ mugikortasuna

HETELek emandako Erasmus+KA1 mugikortasun bekei esker, Maristak Durangoko bi ordezkarik — berrikuntzako arduraduna, komunikazio eta estrategia arduradunarekin batera — bi eguneko egonaldia egiteko aukera izan dute Lituaniako Techint Vilnius Technology and Engineering Training Center-en. Mugikortasun hori aukera bikaina izan da Lanbide Heziketako ikastetxe baten funtzionamendua gertutik ezagutzeko, Maristak Durangoren antz handia baitu. Lituaniako ikastetxearen proiektu arduradunak gidatu zuen bisita egonaldian zehar, irakaskuntzako metodologia eta zenbait lanbide-arlotan eskuragarri dauden baliabideak erakutsiz: Informatika, Administrazioa, Elektrizitate-Elektronika, Robotika, Diseinu industriala eta Energia. Instalazio modernoak bisitatzeaz gain, Maristak Durangoko ordezkariek esperientziak, praktika pedagogikoak eta ikasgelako dinamikak partekatu ahal izan zituzten hainbat espezialitatetako irakasleekin. Nabarmentzekoa da bi ordezkariak Informatika (IT) arloko irakasleak ere badirela, eta horri esker lotura zuzenagoak sortu ahal izan zirela Lituaniako ikastetxeko irakasleekin, eta etorkizunean bi erakundeetako ikasleekin proiektu eta erronka partekatuetan lan egiteko aukera aztertu zela. Topaketa horietan, Techint Vilniuseko taldeari aurkeztu zioten nola lan egiten dugun Maristak ikastetxean ETHAZI metodologiarekin (erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza), gure Lanbide Heziketaren nortasun-ezaugarrietako bat. Metodologia horrek interes handia piztu zuen ikastetxe lituaniarraren aldetik, eta sakonago ezagutzeko eta gure esperientzian inspiratzeko asmoa agertu zuen. Hau dela eta, etorkizunean bisita egingo digute, prestakuntza-eredu propioan antzeko elementuak txertatzeko helburuarekin. Bi ikastetxeek egiaztatu dute lanbide-arloak ez ezik, berrikuntzan, etengabeko hobekuntzan eta Lanbide Heziketaren nazioartekotzean oinarritutako ikuspegia ere partekatzen dutela. Lehen hartu-eman honen ondorioz, etorkizunerako lankidetzak garatzeko aukera argiak identifikatu dira: baterako proiektuak, ikasleen eta irakasleen mugikortasunak, jarduera partekatuak eta nazioarteko prestakuntza-erronkak. Esperientzia hau bisita tekniko bat baino askoz gehiago izan da: kalitatezko LH batekin konprometitutako, inguruneko errealitatearekin konektatua dauden eta elkarlanerako irekiak dauden bi ikastetxeren arteko harremanaren abiapuntua izan da.Maristak Durangok Techint Vilniuseko taldearen harrera bikaina eskertu du, baita gure lan egiteko moduaren inguruan agertutako interesa ere. Era berean, HETELen funtsezko zeregina aitortzen eta baloratzen dute; izan ere, HETELen laguntza- eta koordinazio-lanari esker, mugikortasun horiek benetako hazkunde-aukera bihurtzen dira ikastetxe, irakasle eta ikasleentzat.

60 beka Global Training goi mailako tituludun gazteentzat

Global Training programari esker, LHko goi mailetan eta Unibertsitatean titulatutako euskal gazteek praktikak egin ahal izaten dituzte atzerriko enpresetan. Programa hau Basque Trade & Investment (Nazioartekotzearen Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren ekimena da, eta, besteak beste, HETEL, Confebask, Politeknika Txorierri eta Adegik osatutako partzuergoak kudeatzen du. Patzuergo honek aurten 60 plaza eskainiko ditu goi-mailako unibertsitateko eta LHko tituludun gazteentzat. Gutxienez 6 hilabeteko nazioarteko praktikak izango dira, 21 herrialdetan. Hautatutako gazteak azarotik aurrera abiatuko dira euren helmugara: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Txile, Txina, Zipre, Hegokorea, Frantzia, Grezia, Indonesia, Irlanda, Italia, Malta, Mexiko, Herbehereak, Peru, Portugal, Thailandia, Txekiar Errepublika eta Erresuma Batua. Bekek 1.635 euro hileko diru-laguntza eskaintzen dute. Parte-hartzaileek 50 orduko prestakuntza jasoko dute bidaia aurretik. Eskabideak aurkezteko epea 2025eko irailaren 12an amaituko da. Informazio gehiago: www.global-go.net

HETELen eta ACFPI LHko elkarte katalanaren eta Francesc Roca Kataluniako Gobernuko LHko idazkari nagusiaren arteko topaketa

Francesc Roca Kataluniako Gobernuko Lanbide Heziketako idazkari nagusiak HETELeko (Euskadiko itunpeko eta irabazi asmorik gabeko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkartea) eta ACFPIko (Kataluniako LHko itunpeko ikastetxe integratuen elkartea) ordezkariak hartu ditu. Bileran, Lanbide Heziketako Lege berria ezartzearekin lotutako hainbat alderdi jorratu dira, bi erkidegoen arteko lankidetza-loturak indartzeaz gain. Maiatzean, Jon Labakak, Eusko Jaurlaritzako LHko sailburuordeak, bilera bat izan zuen bi elkarteekin, helburu berarekin. HETELeko arduradunek Kataluniara egindako bisita hau baliatu da euskal irakasleek Kataluniara egindako bisitak ebaluatzeko, aniztasunaren eta inklusioaren kudeaketan dituzten praktikak ezagutzeko, bai eta irakasle katalanek Euskadira egindako bisita ere, Lanbide Heziketan aplikatutako metodologiei buruzko esperientziak trukatzeko. Bi kasuetan balorazioa oso positiboa izan da, beraz, datorren ikasturteko ekintza-planean horrelako jarduera gehiago jorratuko dira. HETELek hezkuntza-kalitatea eta, bereziki, Lanbide Heziketa hobetzeko konpromisoa berresten du, sektoreko funtsezko eragileekin lankidetzan arituz.

Otxarkoagako Irakasleek Lanbide Heziketa Inklusiboa aztertu dute Grezian

HETELen Erasmus+ beka bati esker Otxarkoagako Prestakuntza ikastetxeko bi irakasle, Beñat Hernández eta Ander Arrese, Atenasen (Grezia) egon dira, han bertako Lanbide Heziketako sistema hobeto ezagutzeko eta ikasle migratzaileekin erabiltzen diren hezkuntza tresnei buruz gehiago ikasteko asmoz. Bisitatu dituzten ikastetxe eta erakunde guztiek azpimarratu dute ikaskuntza praktikoaren garrantzia, kolektibo horren prestakuntza errazteko bide eraginkor gisa. Gainera, hainbat eskola eta GKErekin harremanak ezarri dituzte, eta epe ertainera nazioarteko proiektuetan lankidetzak sortzea espero da, bereziki inklusioari eta aniztasunari lotuta. Irakasleen esperientzia hau HETELek sustatutako Erasmus+ bekari esker izan da posible,. Honela, Europako hezkuntza-jardunbide onen trukea bultzatzen du HETELek.

OT inguruneetan zibersegurtasunari buruzko prestakuntza Milanen

Aste honetan, Erasmus+ Cyber-In proiektuaren parte den OT inguruneetako zibersegurtasunari buruzko prestakuntza erdipresentzialean parte hartu zuten pertsonek Milanen (Italia) aurrez aurreko saioak osatu zituzten, ECOLE proiektuko bazkideak antolatuta. ECOLE, BCS Koolitus eta Orbik Cybersecurity erakundeek, IT eta OT zibersegurtasunaren arteko desberdintasunei, sarearen segmentazioari, industria firewallei, erabilgarritasunari, estandarrei eta araudiei buruz online emandako moduloak osatzen ditu prestakuntza honek. Aurrez aurreko saioek ikusitakoei buruzko ikuspegi praktikoa eskaini zuten, eta Vodafone Automationera bisita ere egin zuten, automatizazio handiko industria-ingurune batean zibersegurtasunaren ezarpenari buruz ikasteko. Maristak Durangok prestakuntzari amaiera emateko, Lanbide Heziketako ikasleek ebazteko erronka bati buruzko jarduera aurkeztu zuten, Maristak Durango eta ITS Rizzoli (IT) ikastetxeen arteko benetako esperientzia batean oinarritua. Cyber-Ineko bazkideek aukera aprobetxatu zuten bilera labur bat egiteko proiektuaren hurrengo urratsak prestatzeko. Labur esanda, aste emankorra  izan da “Bella Italia” n!

CircularVET: Lanbide Heziketa jasangarriago baterako beste urrats bat

Aste honetan, CircularVET proiektuaren hirugarren bilera egin da Norvegian.Bilera oso emankorra izan da: Bilera hau aurrerapauso garrantzitsua izan da Europako ingurumen-erronkei eta politika jasangarriei erantzuten dien Lanbide Heziketa berdeago baten aldeko gure konpromisoan.