HETEL

Euskadi-Italia nazioarteko zibersegurtasun erronkaren itxiera Milanen

Maristak Durango ikastetxeko irakasle eta ikasle talde bat Milanera joan da ITS Angelo Rizzoli Italiako ikastetxearekin batera garatutako zibersegurtasun arloko nazioarteko erronkaren hirugarren edizioa osatzeko. Ikastetxe bakoitzean hainbat astez urrutitik lan egin ondoren, Italiako azken topaketa honek aukera eman zien emaitzak partekatzeko, aurkezpen bateratua koordinatzeko eta nazioarteko lankidetzako ingurune erreal batean ikasten jarraitzeko. Era berean, Jakala enpresa bisitatzeko aukera izan genuen. Bertan, zibersegurtasuna esparru profesionalean nola lantzen den ezagutu ahal izan zuten, ikasleei sektorearen errealitatea are gehiago hurbilduz eta haien motibazioa indartuz. Ikasketa teknikoaz gain, mugikortasunak hiriaz, kulturaz, gastronomiaz eta giroaz gozatzeko aukera eman zuen, eta esperientzia bereziki aberasgarria bihurtu zen maila akademikoan zein pertsonalean. Hori guztia HETELek kudeatutako mugikortasun konbinatuko Erasmus plus bekei eta laguntzari esker egin da. Beka horiei esker, ikasleek eta irakasleek beren prestakuntzarako hain baliotsuak diren nazioarteko esperientziak bizitzen jarrai dezakete. Hiru edizioren ondoren, proiektu bateratu hau sendotu egin da… eta hurrengoa prestatzen ari gara datorren urterako! Eskerrik asko. Grazie Mille!

Maristak Durango eta Techint Vilnius: etorkizuneko elkarlanerako atea irekitzen duen Erasmus+ mugikortasuna

HETELek emandako Erasmus+KA1 mugikortasun bekei esker, Maristak Durangoko bi ordezkarik — berrikuntzako arduraduna, komunikazio eta estrategia arduradunarekin batera — bi eguneko egonaldia egiteko aukera izan dute Lituaniako Techint Vilnius Technology and Engineering Training Center-en. Mugikortasun hori aukera bikaina izan da Lanbide Heziketako ikastetxe baten funtzionamendua gertutik ezagutzeko, Maristak Durangoren antz handia baitu. Lituaniako ikastetxearen proiektu arduradunak gidatu zuen bisita egonaldian zehar, irakaskuntzako metodologia eta zenbait lanbide-arlotan eskuragarri dauden baliabideak erakutsiz: Informatika, Administrazioa, Elektrizitate-Elektronika, Robotika, Diseinu industriala eta Energia. Instalazio modernoak bisitatzeaz gain, Maristak Durangoko ordezkariek esperientziak, praktika pedagogikoak eta ikasgelako dinamikak partekatu ahal izan zituzten hainbat espezialitatetako irakasleekin. Nabarmentzekoa da bi ordezkariak Informatika (IT) arloko irakasleak ere badirela, eta horri esker lotura zuzenagoak sortu ahal izan zirela Lituaniako ikastetxeko irakasleekin, eta etorkizunean bi erakundeetako ikasleekin proiektu eta erronka partekatuetan lan egiteko aukera aztertu zela. Topaketa horietan, Techint Vilniuseko taldeari aurkeztu zioten nola lan egiten dugun Maristak ikastetxean ETHAZI metodologiarekin (erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza), gure Lanbide Heziketaren nortasun-ezaugarrietako bat. Metodologia horrek interes handia piztu zuen ikastetxe lituaniarraren aldetik, eta sakonago ezagutzeko eta gure esperientzian inspiratzeko asmoa agertu zuen. Hau dela eta, etorkizunean bisita egingo digute, prestakuntza-eredu propioan antzeko elementuak txertatzeko helburuarekin. Bi ikastetxeek egiaztatu dute lanbide-arloak ez ezik, berrikuntzan, etengabeko hobekuntzan eta Lanbide Heziketaren nazioartekotzean oinarritutako ikuspegia ere partekatzen dutela. Lehen hartu-eman honen ondorioz, etorkizunerako lankidetzak garatzeko aukera argiak identifikatu dira: baterako proiektuak, ikasleen eta irakasleen mugikortasunak, jarduera partekatuak eta nazioarteko prestakuntza-erronkak. Esperientzia hau bisita tekniko bat baino askoz gehiago izan da: kalitatezko LH batekin konprometitutako, inguruneko errealitatearekin konektatua dauden eta elkarlanerako irekiak dauden bi ikastetxeren arteko harremanaren abiapuntua izan da.Maristak Durangok Techint Vilniuseko taldearen harrera bikaina eskertu du, baita gure lan egiteko moduaren inguruan agertutako interesa ere. Era berean, HETELen funtsezko zeregina aitortzen eta baloratzen dute; izan ere, HETELen laguntza- eta koordinazio-lanari esker, mugikortasun horiek benetako hazkunde-aukera bihurtzen dira ikastetxe, irakasle eta ikasleentzat.

Maristak Durangoko ikasleek Milanen amaitu dute zibersegurtasuneko nazioarteko erronka

HETELen Erasmus plus bekei esker, Blended Mobility programaren barruan,  Maristak Durangoko zibersegurtasuneko espezializazioko ikasleek esperientzia ikaragarria bizi izan dute. Nazioarteko erronka batean lan egiteko, ITS Angelo Rizzoli ikastetxeeko kideekin, eta Milanera (Italia) joateko aukera izan dute. Otsailaz geroztik, talentu horiek elkarlanean aritu dira online formatuan zibersegurtasuneko erronka batean, eta, azkenean, aurrez aurre bildu dira erronkari azken ukitua emateko. Egonaldian zehar, Vantea Smart zibersegurtasun enpresa ere bisitatu dute. Bertan, identitateen kudeaketan egiten dituzten lanak zuzenean ezagutu zituzten, baita ikastetxeekin etorkizuneko profesionalak prestatzeko nola lan egiten duten ere.Esperientzia horri esker, trebetasun teknikoak hobetzeaz gain, ingelesa praktikatu dute, beste kultura batean murgildu dira eta ahaztuko ez duten abenturaz gozatu dute. Abantean!

Maristak Durangoko elektronikako irakasleak Bremenen

HETELen mugikortasun bekekin Bremenera (Alemania) egindako bidaia honetan, Maristak Durangoko bi irakaslek, elektrizitatean eta elektronikan espezializatuak, Alemaniako Lanbide Heziketa sistema ezagutzeko aukera izan dute. Egonaldian, LHko ikastetxe bat bisitatu dute. Bertan, bertatik bertara ikusi dute Alemaniako hezkuntza teknikoan aplikatzen duten metodologia, eta Bremengo Unibertsitateko Teknologia eta Hezkuntza Institutua (ITB) bisitatu dute, LHko irakasleen prestakuntza-prozesua ezagutzeko. Honetaz gain, DEVIS4KE nazioarteko proiektuaren koordinatzaileekin biltzeko aukera izan dute, proiektuaren hurrengo fasearen plangintzan lan egiteko. Ekimen horrek Kenyara eramango ditu datorren uztailean, landa-eremuetako eskoletan eguzki-panelak jartzeko eta tokiko irakasleak beren hezkuntza-azpiegitura hobetzen gaitzeko eta komunitateak energia berriztagarrietan ahalduntzeko. Mugikortasuna eta ezagutza-trukea Erasmus+ bekei esker lortu dira, nazioarteko lankidetzak hezkuntzan eta garapen iraunkorrean duen eragin positiboa erakutsiz.