HETEL

HETELen eta Koloniako Lanbide Heziketaren arteko lankidetza indartuz

Geschäftsstelle Bezirksregierung Kölneko, Koloniako (Alemania), gobernuaren zati den Europako programen bulegoarekin dugun harreman luze eta onaren ondorioz, aste honetan HETELek eskualdeko hainbat eskolatako 16 irakasle hartu ditu. Bisita honen arrazoia euskal Lanbide Heziketako sistema ezagutzea, HETELek bere ikastetxeak nazioartekotzeko eta inklusiorako estrategien kudeaketan nola laguntzen dituen ulertzea eta, batez ere, gure ikastetxeekin nazioartean lankidetzan aritzeko ideia posibleak identifikatzea izan da. Topaketan, gai horiei buruzko hainbat hitzaldi eta tailer egin ziren, Alemaniako eta Euskadiko irakasleen parte-hartzearekin, HETELeko nazioarteko eta berrikuntzako arduradunek gidatuta. Formatua etorkizunean errepikatuko da, ziurrenik Alemanian, edizio honetako emaitza onak ikusita.

ZIURTAGIRI PROFESIONALAK – C GRADUAK

ZIURTAGIRI PROFESIONALAK – C GRADUAK  Ziurtagiri profesionalak lanean edo langabezian dauden langileei zuzendutako prestakuntzak dira, eta arlo bateko prestakuntza ziurtatua lortzera bideratuta daude. Ziurtatutako prestakuntza horietako batzuk eginda, prestakuntza-ziklo baten baliokidea izango litzateke (D gradua), oinarrizko mailakoa 1. mailako ziurtagiriak direnean, erdi-mailakoa 2. mailako ziurtagiriak direnean, edo goi-mailakoa 3. mailakoak direnean. Ikasturte honetan honako C graduak hauek jarri dira martxan, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak koordinatuta, ikasturte eta matrikulazioa Eusko Jaurlaritzaren Ikasgunearen aplikazioaren bidez egiten da. Kontsultatu hemen eskaintza.

Holandatik zibersegurtasunarekin industria automatizatuan

HETEL aste honetan Cyber-In proiektuko taldearekin bildu da. Proiektu hori Erasmus+ Programak finantzatzen du, eta Herbehereetako ROC Da Vinci ikastetxeak koordinatzen du. 9 hilabeteko lanaren ondoren eta industria-ingurune desberdinetako 30 enpresa baino gehiagori elkarrizketak egin ondoren, gaur egun Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen ditugun IT eta OT curriculumen azterketa osatzear gaude, oraindik jorratzen ez ditugun eta enpresek eskatzen dituzten industria-ingurune automatizatuetako zibersegurtasunarekin lotutako gaitasunak identifikatuz. Azaroaren amaieran, industria-planta baten bretsio interaktibo bat izango dugu eskuragarri, eta bertan ikusi ahal izango da zein diren zibersegurtasun arloko kalteberatasun ohikoenak, prebentzio-neurriak eta langileen gaitasunak eta ezagutzak ingurune industrial zibersegurua eskaini ahal izateko. Laster proiektuaren webgunean! www.cyber-in.eu

HETELek gaitasun digital eta jasangarrien hezkuntza bultzatzen du Digistainability proiektuaren bidez

Urriaren 1ean eta 2an, HETELek, Nazaret bazkidearekin batera, parte hartu zuen Digistainability erasmus proiektuaren bileran, Portugalgo Tomar herriko Institutu Politeknikoan. Proiektuaren helburua Europako marketineko hezkuntza-programetan gaitasun digitalak eta jasangarriak modu eraginkorrean txertatzea da, eta, horrela, lanbide-heziketa modernizatzen laguntzea. Bileran hainbat herrialdetako ordezkariek parte hartu zuten, besteak beste, Euskadi, Alemania, Italia, Portugal eta Bulgariakoak. Topaketan, proiektuaren aurrerapenak berrikusi ziren, eta egungo curriculumak egokitzeko modua eztabaidatu zen, negozioetan jasantarritasunean, digitalizazioan eta etikan funtsezkoak diren trebetasunak sartzeko. Ikasle, irakasle eta profesionalei egindako inkesten eta herrialde bakoitzean antolatutako focus group-en bidez, marketinaren etorkizunerako gaitasun garrantzitsuenak identifikatu ziren, eta curriculum berrietarako oinarri izango diren sei bloke nagusi ezberdindu ziren. Gai nagusietako bat programak ECTS kredituak erabiliz estandarizatzeko beharra izan zen, Europako hezkuntza-sistemen artean uniformetasun eta koherentzia handiagoa izateko. Gainera, kolore-kodeen sistema bat ezartzea erabaki zen, gaitasunak garrantziaren arabera sailkatzeko, horrek aukera emango baitie ikastetxeei gaitasun horiek modu eraginkorragoan integratzeko. HETEL eta Nazaret bezalako erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izan da prozesu honetan. Elkarrekin, ikuspegi baliotsuak eman dituzte Euskal Lanbide Heziketaren eremutik, Europan ezarriko diren curriculumetarako ikuspegi berritzailea bultzatuz. Ikasleekin frogatuko diren prestakuntza-materialen garapena ere eztabaidatu zen, eta nabarmentzekoa da prestakuntza praktikoak garrantzi handia duela tresna digitalen erabileran eta marketin iraunkorraren testuinguruan datuak aztertzean. Azkenik, proiektuaren hedapen-estrategiak indartzeko ere balio izan zuen bilerak. Web-orriaren garapenaren egoera berrikusi zen, eta sare sozialetan komunikazio-plan bat adostu zen, proiektuaren aurrerapenak eta emaitzak ikusarazteko. Hurrengo urratsa gaitasunen taula amaitzea eta ikaskuntza emaitzetan oinarritutako curriculum-integrazioarekin jarraitzea izango da. Azaroan, bazkideak berriro bilduko dira aurrerapenak aztertzeko eta hurrengo ekintzak antolatzeko.

Europar automobilgintzaren etorkizunari heltzen Trireme proiektuaren topaketan

HETEL, Egibide eta Somorrostro ikastetxeko ordezkariek Europako Batzordeak lagundutako TRIREME Blueprint proiektuko bazkideen bigarren bileran parte hartu zuten Milanen. Proiektu honetan automobilgintzaren sektorean adierazgarriak diren 18 herrialdetako 32 bazkidek hartzen dute parte. Bazkide horien helburua da Europako ekonomiarentzat estrategikoa den sektore horren etorkizuna zehaztea, alor horretako trantsizio berdea eta digitala bultzatzea, eta sektorearen erronka handiei aurre egin ahal izateko prestakuntzak diseinatzea. Proiektu honen nobedadeak web orri honetan ikus ditzakezu: https://project-trireme.eu/

Batxilergoko orientazio-sistema hobetzeko gaitasunak eskuratzen

Jesuitak, Egibide eta Goierri HETEL ikastetxetako ordezkariek Erasmus+ Quahvet proiektuaren barruan Greziako Patras hirian egin diren prestakuntza saioetan parte hartu dute. Proiektu honetan Italia, Suedia eta Greziako bazkideekin batera ari gara lanean batxilergoko ikasleei ematen zaien orientazioa hobetzeko, orientatzaileentzako, familientzako, irakasleentzako eta ikasleentzako materialak garatuz. Proiektuaren helburua pertsonek Lanbide Heziketako goi-mailako zikloei buruz duten ezagutza zabaltzea da, eta kalitate handiagoko orientazio-sistema bat diseinatzea.

Eraikinen eraikuntza eta mantentze sektoreko zikloetarako gaitasun jasangarriak definituz: GeTinVET proiektuaren aurrerapenak

Pasadan astean, Otxarkoaga ikastetxeko Ander Arrese irakasleak eta HETELeko Europako proiektuen arduradunak, Aitor Ruizek, Erasmus+ GeTinVET proiektuaren hirugarren nazioarteko bileran parte hartu zuten, Kouvolan, Finlandian, 2024ko irailaren 12an eta 13an. Topaketa hau mugarri garrantzitsua da lanbide-heziketaren iraunkortasunean oinarritutako asmo handiko proiektu europar honen garapenean. GeTinVETi buruz GeTinVET (Greening Education and Training in Vocational Education and Training) proiektuaren helburu nagusia da eraikinen eraikuntzaren eta mantentze-lanen sektorearekin lotutako heziketa-zikloetako ikasleen iraunkortasun-gaitasunak identifikatzea eta hobetzea. 2023an hasi eta 2026ra arte luzatuko den ekimen honek Europako bost herrialdetako bazkideak biltzen ditu: • Euskadi (Espainia): • Italia: ITIS Alessandro Volta • Lituania: Vitautas Magnus Unibertsitatea • Finlandia: Kouvola Ltd. Bokaziozko Institutua, Eduko • Herbehereak: Rijn IJssel • Alemania: Proiektuaren aurrerapenak Kouvolan egindako bileran, proiektuaren funtsezko hainbat alderdi eztabaidatu zituzten bazkideek, guztiak gaitasun iraunkorrak definitu eta garatzera bideratuak: GeTinVET proiektuak aurrera egiten du eraikinen eraikuntzaren eta mantentze-lanen sektoreko heziketa-zikloetarako jasangarritasun gaitasunak definitzeko eta garatzeko helburuan. Lehen emaitza ukigarriak azaroan Napoliko bileraren ondoren eskuragarri egotea espero da. Emaitza horiek funtsezkoak izango dira Europa mailan iraunkortasunari buruzko prestakuntza hobetzeko. GeTinVET proiektuari, bere helburu eta bazkideei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, webgune ofiziala bisitatu: https://www.euges-cologne-projects.eu/Projects-EU-GES/GeTinVET HETEL eta Otxarkoaga ikastetxea harro daude ekimen berritzaile horretan parte hartzeaz. Ekimen horrek nabarmen lagunduko du eraikinen eraikuntzaren eta mantentze-lanen sektorean profesional jasangarriagoak prestatzen, ikasleak etorkizuneko ingurumen-erronketarako prestatuz.

Euskadi eta Kataluniako Lanbide Heziketa konektatzen

Aste honetan, HETELeko zenbait ordezkarik ACFPI Kataluniako itunpeko LH ikastetxeen elkartea bisitatu dute, ekainean hasitako harremanekin jarraitzeko. Astean zehar, FP JOVIAT LES TANQUES (Bartzelona), BALMES (L’hospitalet), ESCOLA PIA (Bartzelona) eta SANT GERVASI (Mollet) ikastetxeak bisitatu zituzten eta elkartearen Batzar Orokorrean parte hartu zuten. Bisita oso positibotzat jo da; izan ere, Kataluniako Lanbide Heziketaren ezaugarriak hobeto ezagutzeko aukera emateaz gain, sinergiak sortu ditu eta bi elkarteen arteko lankidetza sustatu du.

Irakasleen mugikortasuna Eskoziara

HETELen Erasmus+ beka bati esker Jon Lago Somorrostro ikastetxeko irakasleak Eskoziako Shetland uharteetako Anderson High School ikastetxea bisitatu du. Hezkuntzan digitalizaziorako joera dagoen arren, ikastetxe honek liburuetan eta paperean oinarritutako metodo tradizionalagoetara itzultzea erabaki du, eta gailu digitralak oso noizean behin bakarrik erabiltzen dituzte. Topaketa horren ondoren, Somorrostro ikastetxeko irakasleek gogoeta egin dute hezkuntza-metodologien eraginkortasunari buruz, eta ikuspegi bakoitzak bere onurak eta erronkak izan ditzakeela adierazi dute. Somorrostro ikastetxean ikasgelan teknologia txertatzea bultzatu bada ere, Anderson High Schooleko esperientziak erakutsi du baliabide tradizionalagoak erabiltzeak lotura sakonagoa sustatu dezakeela ikasmaterialarekin eta beste trebetasun batzuk sustatu, hala nola kontzentrazioa eta eskuz idaztea. Bisita honek hezkuntza-praktikak eskola-komunitate bakoitzaren beharretara eta berezitasunetara egokitzearen garrantzia azpimarratzeko balio izan du, eta, beharbada, ikastetxe eta ikasle guztientzako ikuspegi orokor bat ez dala estrategiarik eraginkorrena ohartarazteko. Anderson High School-en oinarri sinpleagoetara itzultzeko hautuak eskuragarri dauden ikuspegi pedagogikoen aniztasuna nabarmentzen du, baita testuinguru bakoitzerako egokiena zein den arretaz aztertzearen garrantzia ere. Irakasleok zein erakundeok gogoratu behar dugu hezkuntza eraginkorra eta kalitatezkoa lortzeko gakoa ikaskuntza esanguratsua eta iraunkorra sustatzeko oreka egokia aurkitzea dela.

Estonia eta Suediarekin zubiak eraikitzen

Maria Inmaculada eta Maristak  Zallako irakasleek, astebetez egon gara Estonian eta Stockholmen bisitak egiten, HETEL partzuergoak kudeatutako Erasmus+ programari esker. Lau egunez ikastetxe hauek bisitatu ditugu: Estoniako gobernuak Viimsi Gaztelekua gomendatu zigun. Gazteentzat aukerak sortzen dituen zentro bat da, eta bertako eta nazioarteko proiektuetan parte hartzen laguntzen die. Zentroan egiten den lana gazteen interesetan eta beharretan oinarritzen da, eta haiei laguntzen edo gidatzen zaie jardueren prozesuan. Bigarren egunean, Parnumaa Vocational Education Centre lanbide-heziketako ikastetxea bisitatu genuen. Lanbide Heziketako ikastetxe handi bat da, eta 1100 ikasle baino gehiago ditu. Bertan Estoniako Hezkuntzaren funtzionamendua erakutsi ziguten, Lanbide Heziketan nola lan egiten duten, praktiken funtzionamendua, eskolak nola ematen dituzten, tailerrak… 2023an Tallin Europako hiri berde izendatu zutela aprobetxatuz, bi topaketatan parte hartu genuen Tallinneko udaletxean. Horietako batean, energia-eraginkortasunerako ibilbide osoa azaldu ziguten (plastikoak, bateriak, auto elektrikoak, eguzki-energia, eraikin eraginkorrak… birziklatzea), eta bigarren bileran, berriz, eraikuntza eraginkorra izan genuen ardatz. Bertan, 2030a baino lehen hiriko eraikin asko berritzeko erronka nola helduko duten azaldu ziguten.Azken egunean Stockholmeko unibertsitatean egon ginen Suediako hezkuntza sistema ezagutzen, duela hamarkada bat baino gehiago bertan bizi den unibertsitateko irakasle espainiar baten eskutik. Espainiako hezkuntzarekiko hezkuntza-desberdintasunei buruz hitz egin zigun, eta bere kontaktua Suediako herrialdearekin lotura bat izango da etorkizunean ikaskuntzak edo proiektuak egin ahal izateko.