HETEL

LKSk Lanbide Heziketaren aldeko apustua egin du talentua erakartzeko

HETELek LKS enpresarekin duen lankidetza indartu du, HETELen informatikako prestakuntza-zikloetako ikasleen gaitasun teknikoak eta zeharkakoak hobetzeko. Aste honetan inauguratu da Zabalburu ikastetxean lehen enpresa-gelaren hirugarren edizioa, unibertsitateetan ezarritako eredua Lanbide Heziketari egokituz. Ekimen hau informatikako prestakuntza-zikloetako ikasleei zuzenduta dago bereziki, sektore digitalaren erronkei eraginkortasunez heltzeko helburuarekin. LKS enpresak ikasturte-amaierara arte, , enpresa horretako profesionalen tutoretzarekin, LKS proiektuetan arituko diren lehen mailako Lea Artibai eta Zabalburu ikastetxeko 8 ikasle hautatu ditu. Datorren ikasturtetik aurrera, hautatutako pertsona hauek HETELeko ikastetxeetako eskoletan eta LKS enpresan egonaldia konbinatuko dute, Dual ereduari jarraituz. Gure asmoa da eredu hau sektore eta enpresa gehiagotara hedatzea etorkizunean. Abantean!

Ezagutu Lanbide Heziketako hainbat ibilbide protagonisten eskutik

Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukerak ikusarazteko asmoz, Lanbide Heziketako hainbat ibilbide deskribatu dizkiguten ikasleak grabatu ditugu. Beren esperientzien bidez, hezkuntza-aukera horiek gazte gehiagori hurbildu nahi dizkiegu, eta orientazio akademiko eta profesionaleko prozesuan lagundu. Bideo horiek zuzenean erakusten dute nolakoa den prestakuntza, laneratzea eta ikasketa horiek zer eragin izan duten haien bizitzetan. Eskerrik asko zuen erabakiak eta zuen bideak erakutsi eta beste gazte batzuen inspirazio iturri izan zareten guztioi. Mila esker! Ezagutu gazte hauen istorioak eta aurkitu inspirazioa zure etorkizunerako: https://www.youtube.com/playlist?list=PLF1EkTjl9X1Q8Q1Z9usUaxjO1T0A3vuZw

HETEL ikastetxeen arteko lankidetzan beste urrats bat

HETELeskola proiektuaren barruan, eta HETEL ikastetxeek Lanbide Heziketaren alorreko 20 eremu estrategikotan autoebaluatu ondoren, hautatutako gaietan balorazio onenak lortu dituzten ikastetxeetatik ikasi nahi duten ikastetxeen “mentorizaziorako” lehen esperientzia jarri da abian. Ildo horretan, gaur goizean gai hauei buruzko lehen saioak egin dira: LH Dual, Urrats bat/ekintzailetza, Ethazi eta Gizarte konpromisoa, MGEP, Egibide – San Viator, Maristak Durango eta Somorrostro hurrenez hurren buru direla. Ikastetxeek parte hartzeko interes handia erakutsi dute. 22 ikastetxetako 34 pertsonak parte hartu dute. Mahai bakoitzak bere saioen kronograma zehaztu du ikasturte honetarako. Aurrerago, ekimen horren balorazioa egingo da, eta etorkizunean beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko da.

HETELek LH Dualeko ikasleen bidez enpresetan berrikuntza sustatzeko proiektu pilotuaren ondorioak aurkeztu ditu

HETELek proiektu pilotua zabaldu du gaur Gipuzkoako enpresen artean saio telematiko batean, erabilitako metodologia azalduz. Ikasturtean zehar, HETELek abian jarri du proiektu hau, eta Gipuzkoako 8 enpresak hartu dute parte (Matia Fundazioa, Mendiaraiz, Loatzo, Keyway, Fagor Automation, Ikaslan Fundazioa, BST rods eta Gestsat). Bertan, arrakastaz ezarri da euskal Lanbide Heziketan erabiltzen den metodologia, erronken ebazpenean oinarritua, Lanbide Heziketako ikasleen talentua balioan jartzea ahalbidetu duena. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntza izan du. Jardunaldiaren egitaraua honako hau izan da: – Irekiera: Julen Elgeta, HETELeko presidentea – Erabilitako metodologiaren azalpena: Manu Agirre, La Salle Berrozpe – LH Dualeko Sistemaren aukerak, Osane Lizarralde, MGEP – Esperientzia eta garatutako erronkak parte hartu duten hiru enpresatan: Mendiaraiz, Gestsat eta Fagor – Proiektuaren ondorio nabarmenak, Julen Elgeta – Itxiera: Joseba Amondarain, Gipuzkoako Foru Aldundia Proiektuaren helburua euskal LHko ikastetxeetan erabiltzen den metodologia enpresetara hurbiltzea izan da, berrikuntza-prozesuetan lagungarri izan daitekeelakoan. Proiektu pilotuan HETELeko 7 ikastetxeetako (Goierri, La Salle Berrozpe, MGEP, Nazaret, Oteitza lizeo politeknikoa, UGLE eta Salesianos Urnieta) 8 Lanbide Heziketako ikaslek eta 8 enpresak hartu dute parte, eta horietako bakoitzak erakundeen benetako erronka bati erantzun behar izan dio. HETELek Gipuzkoan gidatutako esperientzia pilotu horri esker, ikasleek, LH dualeko tutoreekin lankidetzan, hainbat proiektu garatu dituzte enpresa horien eguneroko zailtasun jakin batzuei erantzuteko. Esperientzia horren bidez, LHko ikasgeletatik enpresetara eraman da metodologia, enpresen balio-katearen behar jakin batzuk erronketan oinarritutako lankidetza-metodologia baten bidez konpontzeko formula posible gisa.