HETEL

Europako Lanbide Heziketako ikastetxeekin aliantzak sortuz

Aste honetan, Frantziako Pays de la Loire eskualdeko Lanbide Heziketa sareko 3 irakaslek (https://www.urmapaysdelaloire.fr/ ) HETEL bisitatu dute, bi herrialdeetako eskolen artean zubiak eraikitzeko eta, horrela, gure ikasleei nazioartekotzeko aukerak eskaintzeko. Beraiekin Egibide Molinuevo ikastetxean izan gara, Ile-apainketako erdi mailako eta Estetikako goi mailako zikloak bertatik bertara ezagutzeko. Egibide Mendizorrotzako eskola ere bisitatu dugu, eta Ostalaritzako goi mailako ikasleak sukalde artean lanean ikusi ditugu hitzik gabe utzi gaituen menu goxoa prestatzen. Bisita oso ona izan da eta gure ikasleen prestakuntza aberasteko lanean jarraituko dugu. Abantean!

Growing Green: Berrikuntza eta jasangarritasuna Lanbide Heziketan

Irailaren 25etik 28ra, Erasmus+ Growing Green proiektuaren esparruan, prestakuntza-ekitaldi espezializatu bat egin zen Liubliana hirian. HETELek, nazioarteko beste bazkide batzuekin batera, tresna iraultzaileak aurkeztu zituen, hala nola Lego Serious Play-n oinarritutako jokoa, Lanbide Heziketako ikasleen ekintzailetza berdearen printzipioak irakasteko diseinatua. Gure ordezkariek, Jesuitak Indautxuko irakasleek, Salesianos Urnietako , Esloveniako, Italiako eta Danimarkako bazkideekin batera, sortutako materialetan murgiltzeko aukera izan zuten, hala nola eskuliburuetan eta “Growing Green” jokoan. Pertsonen arteko interakzioak eta networking-ak ekitaldia aberastu zuten, ideiak eta metodologiak trukatzeko aukera emanez. Harro gaude ekimen honen parte izateaz, jasangarritasunean ez ezik, egungo Europan ekintzailetza berdeak duen garrantzian eta errentagarritasunean ere trebatu nahi baitu. Ezagutu gehiago proiektu honi eta bere tresnei buruz www.growing-green.eu helbidean.

HETEL ikastetxeen arteko lankidetzan beste urrats bat

HETELeskola proiektuaren barruan, eta HETEL ikastetxeek Lanbide Heziketaren alorreko 20 eremu estrategikotan autoebaluatu ondoren, hautatutako gaietan balorazio onenak lortu dituzten ikastetxeetatik ikasi nahi duten ikastetxeen “mentorizaziorako” lehen esperientzia jarri da abian. Ildo horretan, gaur goizean gai hauei buruzko lehen saioak egin dira: LH Dual, Urrats bat/ekintzailetza, Ethazi eta Gizarte konpromisoa, MGEP, Egibide – San Viator, Maristak Durango eta Somorrostro hurrenez hurren buru direla. Ikastetxeek parte hartzeko interes handia erakutsi dute. 22 ikastetxetako 34 pertsonak parte hartu dute. Mahai bakoitzak bere saioen kronograma zehaztu du ikasturte honetarako. Aurrerago, ekimen horren balorazioa egingo da, eta etorkizunean beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko da.

AURRERAPAUSUAK EMATEN IKASTETXEEN ARTEKO LANKIDETZARI ESKER

Elkarteak lankidetza- eta elkartasun-balioak sustatzen ditu, eta, ildo horretan, ikastetxeen arteko lankidetza sustatzeko ekimen bat abiarazi dugu funtsezko arloetan haien jarduna hobetzeko. Abiapuntu gisa, ikastetxeek autoebaluazio bat egin zuten 20 arlotan, funtsezko 6 bloketan multzokatuta: Autoebaluazioan kalifikazio baxuenak lortu zituzten 5 eremuak identifikatu genituen, eztabaida-saio bat antolatzeko. Saio horretan, ikastetxeek beren esperientziak partekatu dituzte, eta honako eremu kritiko hauetan nola hobetu hausnartu dute: genero-berdintasuna, praktikak enpresetan euskaraz, lantaldeetan parte hartzea, ikastetxe-eredu berria ezartzea eta espezializazio-ikastaroak. Eremu horietako bakoitzean ikastetxe liderrak San Viator, Oteitza Lizeoa, La Salle Berrozpe, Egibide eta Txorierri Politeknika izan dira, hurrenez hurren.Saio horretan, 15 ikastetxetako 12 pertsonek hartu dute parte, eta ideia interesgarri ugari sortu dira, datozen hilabeteetan inplementatuko ditugunak. Abantean!

ROC Da Vincirekin harremanak estutzen

Sareko Informatika Sistemen Administrazioko Goi mailako Zikloko Maristak Durangoko bi irakasle Dordrechteko ROC Da Vinci ikastetxera joan dira. Holandako IT irakasleei bisita itzultzeko aukera izan dute, eta Holandako Lanbide Heziketako modulu-egiturari eta mailei buruz ikasi dute, bi ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen arteko etorkizuneko sinergia aukerak sakonago ezagutzeko. Hainbat ikastetxetako instalazioak bisitatu dituzte, eta ikastetxearen nazioarteko bulegoarekin oinarriak finkatu dituzte, esparru horretan duten estrategia indartzeko. Eta garrantzitsuena da beste urrats bat eman dutela ETHAZIn txertatzeko, 23-24 ikasturtean bi ikastetxeetako IT ikasleek lan egin dezaten erronka bat diseinatuz.

HETEL – Rural Kutxa lankidetza-hitzarmena sinatu da

Gaur, Durangon, HETELeko presidentea Julen Elgetak eta Rural Kutxako Erakundeen arduraduna Ricardo Goñik bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, HETELek eta bere ikastetxeek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Hitzarmen honek funtsezko 3 jarduera-ildo jasotzen ditu: – Lehenik eta behin, nazioarteko mugikortasuna sustatzea, eta, horretarako, 500 euroko osagarria ezarri da goi-mailako Erasmus bekadunentzat, SEPIEk emandako beka eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntzen duena osatzeko. Ekimen honen helburua da atzerrian egonaldia arrakastaz amaitu duten ikasleei laguntza ekonomiko handiagoa ematea. – Bigarrenik, Lanbide Heziketa eta HETEL ikastetxeen ekimenak sustatzeko ekintzak bultzatzea. Ildo horretan, Rural Kutxak HETEL telebista abian jartzen lagundu du, Euskadiko lanbide-heziketako eta, bereziki, HETELeko ekimenen eta proiektuen komunikazioa eta hedapena indartzea helburu duen proiektua. – Azkenik, HETEL ikastetxeak digitalizatzen laguntzea. Hitzarmen honek 3.000 eurorekin osatuko du HETEL ikastetxeek IKT ekipamenduetan egindako inbertsioa. Inbertsio honen helburua ikasleentzako hezkuntza-ingurune moderno eta eguneratua bermatzea da. Ekimen honen baitan, HETELeko goi mailako erasmus bekadun guztien topaketa egin da gaur Durangon. Izan ere, nazioarteko esperientzia bikaina izan dute eta finantziazio gehigarri honen onuradun izango dira. Jardunaldi honetan, ikasle batzuek eztabaida batean parte hartu dute. Bertan, atzerrian izandako esperientziaren xehetasunak partekatu dituzte. HETELetik gure esker ona adierazi nahi diogu Rural Kutxari, Lanbide Heziketarekin eta, bereziki, gure erakundearekin duen babesagatik eta konpromisoagatik.

Lanbide Heziketa digitalizatzeko esperientziak ezagutzen Herbeheretan

Aurreko astean La Salle Berrozpe eta Goierri Eskolako irakasle talde bat, Albeda (Rotterdam) eta Roc Van Amsterdam (Amsterdam) Lanbide Heziketa ikastetxeak bisitatzen izan zen, HETEL erasmus plus beka bati esker. Albedan (Rotterdam) administrazio eta finantzei dagokien zikloen antolaketa eta egituraketa ezagutzeko, zikloaren jarraipena egiteko modua ikusi, eta teknologia berriak erabiltzeko modua ere ikusteko aukera izan zuten. Roc Van Amsterdan-en berriz, lanbide heziketan errealitate birtualak duen aplikagarritasuna eta digitalizazioaren erabilera ezberdinak ezagutzeko aukera izan zuten. Bisitaren helburua, alde batetik lanbide heziketan teknologia berriak eta, batez ere, errealitate birtualak ematen dituen aukerak ezagutzea eta bestetik, eskolen arteko lankidetzak finkatzea izan da.  

Irungo La Salleko irakasleak Milanen izan dira

Irungo La Salleko irakasleak Milanen izan gara ITS Angelo Rizzoli institutua bisitatzen, ezagutzen eta aurrerantzeko elkarlan posibleak aztertzeko. Bertako irakasleak oso modu goxoan eta giro onean hartu gaituzte. Institututik Irideos empresa bisitatzeko aukera eskeini digute non eraldaketa digitalean hainbat enpresa laguntzen duten eta cloud, data center eta fibra zerbitzua eskeintzen duten Italian zehar. Bertan lanbide heziketako ikasleak enpresetan egiten dituzten praktikak, lana eta esperientziari buruz eta enpresei eta ikasleei irekitzen zaizkien aukerei buruz hitz egin genuen. Azkenik ere Irungo La Salleko ikasle den Unai Velascorekin egon ginen. Bera Kolzer enpresan egiten ari da bere praktikak Erasmus programaren barruan, automatizazio eta robotika industrialeko zikloari bukaera emateko. Bere esperientzia eta bizipenak komentatzen pasa genuen tarte bat. Eskerrik asko Elena Failla emandako harrera goxoagatik eta Liliana Marrochiri ere eskeinitako denboragatik.

Enpresa – Lanbide-heziketa gelaren lehen urratsak

HETEL-LKS ikasgelaren helburua da HETELeko informatikako heziketa-zikloetako ikasleen konpetentzia teknikoak eta zeharkakoak hobetzea. Gaur lehen erronkaren aurkezpenak egin dituzte Zabalburu Ikastetxean. Lan bikaina! Ikastetxeetako parte-hartzaile horientzat hurrengo urratsa LKSko LH Dual intentsiboa izango da. Abantean!

Nazioarteko gaitasunak lanbide heziketan integratzen ikasten

Aste honetan, Erasmus+ programari esker diruz lagundutako Build@Home proiektuan sortutako hezkuntza-baliabideak ezagutzeko aukera izan dugu Helsinkin. Sortutako baliabideen helburua nazioartekotzea lanbide heziketan txertatzea da. www.buildathome.online atariaren bidez, hainbat tresna aurkitu ditugu, ikastetxeetan nazioartekotzeari buruzko hausnarketa estrategikoa sustatzera bideratutakoak, hala nola ikastetxeetako pertsona guztiak (ikasleak barne) inplikatzeko beste praktika batzuk edo gure nazioartekotze-jarduerak etxetik ezartzeko beste batzuk. Danimarka, Finlandia, Holanda, Italia eta Euskadiko irakasleen parte-hartzeari esker, HETELeko taldea inspiratuta eta oso motibatuta itzuli da gure ikastetxeetako ikasle guztientzako nazioartekotzea errealitate bihurtzeko.