HETEL

Atzerrian lan esperientzia bat izan nahi baduzu Global Training beketan izena eman dezakezu!

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurune Sailak, Basque Trade & Investment agentziaren bitartez, atzerrian praktikak egiteko “Global Training” izeneko beka-programa jarri du martxan. Programa horren bidez, Euskadiko gazteak atzerrira irtetea ahalbidetzen da. HETEL – Heziketa Teknikoko Elkarteak, Confebaskek, Txorierri politeknika ikastegia eta Adegik, 80 Global Training beka kudeatuko dituzte aurten, Goi mailako Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko tituludunei zuzenduak. Beken iraupena 6 hilabetekoa izango da eta dotazio ekonomiko gordina 1.635€-koa izango da. Aukeratutako bekadunak azarotik aurrera irtengo dira Portugal, Belgika, Indonesia, Alemania, Erresuma Batua, Grezia, Italia, Txile, Txekiar Errepublika, Txipre, Danimarka, Malta, Herbehereak, Mexiko, Peru, Hego Korea, ABE, Txina, India, Tailandia, Austria, Finlandia edo bestelako herrialdeetara Global Training beketan izena emateko epea uztailak 21etik irailak 22ra arte irekita egongo da. Izena emateko esteka: http://www.global-go.net Ohiane Lafraguak, Global Training bekadun ohiak, bere esperientziaren berri ematen digu bideo honetan: https://youtu.be/kNFqj5O0n38

HETEL – Rural Kutxa lankidetza-hitzarmena sinatu da

Gaur, Durangon, HETELeko presidentea Julen Elgetak eta Rural Kutxako Erakundeen arduraduna Ricardo Goñik bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, HETELek eta bere ikastetxeek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Hitzarmen honek funtsezko 3 jarduera-ildo jasotzen ditu: – Lehenik eta behin, nazioarteko mugikortasuna sustatzea, eta, horretarako, 500 euroko osagarria ezarri da goi-mailako Erasmus bekadunentzat, SEPIEk emandako beka eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntzen duena osatzeko. Ekimen honen helburua da atzerrian egonaldia arrakastaz amaitu duten ikasleei laguntza ekonomiko handiagoa ematea. – Bigarrenik, Lanbide Heziketa eta HETEL ikastetxeen ekimenak sustatzeko ekintzak bultzatzea. Ildo horretan, Rural Kutxak HETEL telebista abian jartzen lagundu du, Euskadiko lanbide-heziketako eta, bereziki, HETELeko ekimenen eta proiektuen komunikazioa eta hedapena indartzea helburu duen proiektua. – Azkenik, HETEL ikastetxeak digitalizatzen laguntzea. Hitzarmen honek 3.000 eurorekin osatuko du HETEL ikastetxeek IKT ekipamenduetan egindako inbertsioa. Inbertsio honen helburua ikasleentzako hezkuntza-ingurune moderno eta eguneratua bermatzea da. Ekimen honen baitan, HETELeko goi mailako erasmus bekadun guztien topaketa egin da gaur Durangon. Izan ere, nazioarteko esperientzia bikaina izan dute eta finantziazio gehigarri honen onuradun izango dira. Jardunaldi honetan, ikasle batzuek eztabaida batean parte hartu dute. Bertan, atzerrian izandako esperientziaren xehetasunak partekatu dituzte. HETELetik gure esker ona adierazi nahi diogu Rural Kutxari, Lanbide Heziketarekin eta, bereziki, gure erakundearekin duen babesagatik eta konpromisoagatik.