HETEL

Ezagutu Lanbide Heziketako hainbat ibilbide protagonisten eskutik

Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukerak ikusarazteko asmoz, Lanbide Heziketako hainbat ibilbide deskribatu dizkiguten ikasleak grabatu ditugu. Beren esperientzien bidez, hezkuntza-aukera horiek gazte gehiagori hurbildu nahi dizkiegu, eta orientazio akademiko eta profesionaleko prozesuan lagundu. Bideo horiek zuzenean erakusten dute nolakoa den prestakuntza, laneratzea eta ikasketa horiek zer eragin izan duten haien bizitzetan. Eskerrik asko zuen erabakiak eta zuen bideak erakutsi eta beste gazte batzuen inspirazio iturri izan zareten guztioi. Mila esker! Ezagutu gazte hauen istorioak eta aurkitu inspirazioa zure etorkizunerako: https://www.youtube.com/playlist?list=PLF1EkTjl9X1Q8Q1Z9usUaxjO1T0A3vuZw

Nazioarteko mugikortasunak kudeatzeko Europako aliantzak indartuz

HETELen Erasmus plus beka bati esker, Olga Alday Centro Formación Somorrostro ikastetxeko irakasleak, Finlandiako Helsinki Lanbide Heziketako ikastetxeak antolatutako irakasleen topaketa batean parte hartu du. Ekitaldi honen helburua Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea izan da, ikasle atzerritarren praktikak elkarren artean kudeatzen saiatzeko. Jardunaldi honen balorazioa oso positiboa izan da, Europako iparraldeko herrialdeetako, Ekialdeko herrialdeetako edo Frantziako irakasleek parte hartu baitute, eta horrek lankidetzarako aukerak erraztuko ditu.

HETELek gaitasun digital eta jasangarrien hezkuntza bultzatzen du Digistainability proiektuaren bidez

Urriaren 1ean eta 2an, HETELek, Nazaret bazkidearekin batera, parte hartu zuen Digistainability erasmus proiektuaren bileran, Portugalgo Tomar herriko Institutu Politeknikoan. Proiektuaren helburua Europako marketineko hezkuntza-programetan gaitasun digitalak eta jasangarriak modu eraginkorrean txertatzea da, eta, horrela, lanbide-heziketa modernizatzen laguntzea. Bileran hainbat herrialdetako ordezkariek parte hartu zuten, besteak beste, Euskadi, Alemania, Italia, Portugal eta Bulgariakoak. Topaketan, proiektuaren aurrerapenak berrikusi ziren, eta egungo curriculumak egokitzeko modua eztabaidatu zen, negozioetan jasantarritasunean, digitalizazioan eta etikan funtsezkoak diren trebetasunak sartzeko. Ikasle, irakasle eta profesionalei egindako inkesten eta herrialde bakoitzean antolatutako focus group-en bidez, marketinaren etorkizunerako gaitasun garrantzitsuenak identifikatu ziren, eta curriculum berrietarako oinarri izango diren sei bloke nagusi ezberdindu ziren. Gai nagusietako bat programak ECTS kredituak erabiliz estandarizatzeko beharra izan zen, Europako hezkuntza-sistemen artean uniformetasun eta koherentzia handiagoa izateko. Gainera, kolore-kodeen sistema bat ezartzea erabaki zen, gaitasunak garrantziaren arabera sailkatzeko, horrek aukera emango baitie ikastetxeei gaitasun horiek modu eraginkorragoan integratzeko. HETEL eta Nazaret bezalako erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa izan da prozesu honetan. Elkarrekin, ikuspegi baliotsuak eman dituzte Euskal Lanbide Heziketaren eremutik, Europan ezarriko diren curriculumetarako ikuspegi berritzailea bultzatuz. Ikasleekin frogatuko diren prestakuntza-materialen garapena ere eztabaidatu zen, eta nabarmentzekoa da prestakuntza praktikoak garrantzi handia duela tresna digitalen erabileran eta marketin iraunkorraren testuinguruan datuak aztertzean. Azkenik, proiektuaren hedapen-estrategiak indartzeko ere balio izan zuen bilerak. Web-orriaren garapenaren egoera berrikusi zen, eta sare sozialetan komunikazio-plan bat adostu zen, proiektuaren aurrerapenak eta emaitzak ikusarazteko. Hurrengo urratsa gaitasunen taula amaitzea eta ikaskuntza emaitzetan oinarritutako curriculum-integrazioarekin jarraitzea izango da. Azaroan, bazkideak berriro bilduko dira aurrerapenak aztertzeko eta hurrengo ekintzak antolatzeko.

HETEL – Rural Kutxa lankidetza-hitzarmena sinatu da

Gaur, Durangon, HETELeko presidentea Julen Elgetak eta Rural Kutxako Erakundeen arduraduna Ricardo Goñik bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, HETELek eta bere ikastetxeek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Hitzarmen honek funtsezko 3 jarduera-ildo jasotzen ditu: – Lehenik eta behin, nazioarteko mugikortasuna sustatzea, eta, horretarako, 500 euroko osagarria ezarri da goi-mailako Erasmus bekadunentzat, SEPIEk emandako beka eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntzen duena osatzeko. Ekimen honen helburua da atzerrian egonaldia arrakastaz amaitu duten ikasleei laguntza ekonomiko handiagoa ematea. – Bigarrenik, Lanbide Heziketa eta HETEL ikastetxeen ekimenak sustatzeko ekintzak bultzatzea. Ildo horretan, Rural Kutxak HETEL telebista abian jartzen lagundu du, Euskadiko lanbide-heziketako eta, bereziki, HETELeko ekimenen eta proiektuen komunikazioa eta hedapena indartzea helburu duen proiektua. – Azkenik, HETEL ikastetxeak digitalizatzen laguntzea. Hitzarmen honek 3.000 eurorekin osatuko du HETEL ikastetxeek IKT ekipamenduetan egindako inbertsioa. Inbertsio honen helburua ikasleentzako hezkuntza-ingurune moderno eta eguneratua bermatzea da. Ekimen honen baitan, HETELeko goi mailako erasmus bekadun guztien topaketa egin da gaur Durangon. Izan ere, nazioarteko esperientzia bikaina izan dute eta finantziazio gehigarri honen onuradun izango dira. Jardunaldi honetan, ikasle batzuek eztabaida batean parte hartu dute. Bertan, atzerrian izandako esperientziaren xehetasunak partekatu dituzte. HETELetik gure esker ona adierazi nahi diogu Rural Kutxari, Lanbide Heziketarekin eta, bereziki, gure erakundearekin duen babesagatik eta konpromisoagatik.

Irungo La Salleko irakasleak Milanen izan dira

Irungo La Salleko irakasleak Milanen izan gara ITS Angelo Rizzoli institutua bisitatzen, ezagutzen eta aurrerantzeko elkarlan posibleak aztertzeko. Bertako irakasleak oso modu goxoan eta giro onean hartu gaituzte. Institututik Irideos empresa bisitatzeko aukera eskeini digute non eraldaketa digitalean hainbat enpresa laguntzen duten eta cloud, data center eta fibra zerbitzua eskeintzen duten Italian zehar. Bertan lanbide heziketako ikasleak enpresetan egiten dituzten praktikak, lana eta esperientziari buruz eta enpresei eta ikasleei irekitzen zaizkien aukerei buruz hitz egin genuen. Azkenik ere Irungo La Salleko ikasle den Unai Velascorekin egon ginen. Bera Kolzer enpresan egiten ari da bere praktikak Erasmus programaren barruan, automatizazio eta robotika industrialeko zikloari bukaera emateko. Bere esperientzia eta bizipenak komentatzen pasa genuen tarte bat. Eskerrik asko Elena Failla emandako harrera goxoagatik eta Liliana Marrochiri ere eskeinitako denboragatik.