HETEL

HETELetik ikastetxeen partaidetza eskertzen dugu CyVETsecurity Erasmus+ proiektuaren logoa diseinatzeko lehiaketan

HETELek lehiaketa bat egin du CyVETsecurity europar proiektuaren logoa diseinatzeko. HETELek koordinatzen duen Zibersegurtasun arloko proiektu honek Ipar Irlandako, Eskoziako, Herbehereetako, Euskadiko, Estoniako eta Finlandiako erakundeak biltzen ditu. Proiektuaren helburua profil profesional guztietan digitalizazioaren arriskuen gaineko kontzientzia hartzea eta datuak babestearen garrantziaz jabetzea da, garatuko diren ikas materialen bidez. Lehenik eta behin, gure Lanbide Heziketako ikastetxeen parte hartzea eskertu nahi dugu eta jasotako proposamenen kalitate handia azpimarratu. Mila esker lehiaketa honetan parte hartzearren! Honetaz gain, Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko Aitor Muriel zoriondu nahi dugu lehiaketaren irabazlea izan delako. Zorionak!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

beTEKu Zabaltzen jardunaldia, IT (Information Technologies) eta OT (Operational Technologies)-en arteko integrazioa azalduz Egibiden

Helburu nagusia informatika eta automatizazioaren arteko proiektuak bultzatzea da; adibide gisa, Egibide-Arriagako Web Aplikazioen Garapena eta Automatizazio eta Robotika Industrialeko bi ikaslek haien arteko elkarlana aurkeztu zuten: ardatz elektriko bat kontrolatzeko SIEMENS-1200 automata batean kokatutako webgunea. Bestalde, Xabier Lopez, Egibideko Lanbide Heziketako zuzendaria, Deustuko Unibertstatearekin sortutako Industria Digitaleko Gradu Dualari buruz aritu zen; Gradu honi esker, enpresek eskatutako IT-OTko profil berria lantzen da eta, bide batez, LH-ko ikasleentzako ibilbide erakargarri bat diseinatu da. Ekitaldia amaitzeko SMC enpresak Industria 4.0ren hainbat kontzeptu azaldu zituen eta SIF-400 ekipamendu berrian dauden 4.0ko teknologiak martxan ikusi ahal izan genituen. Partaideek jardunaldiaren balorazio oso ona egin zuten.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Ekintzailetza ez da (soilik) enpresa bat sortzea

Ekintzailetza hitza enpresa bat sortzea erabakitzen duen pertsona batekin lotzen dugu, baina hitz horren esanahia askoz zabalagoa da gaur egun. Industria 4.0 testuinguruan, ekintzaile bat gaitasun sorta bat duen pertsona bat izango litzateke, hauek enpresa bat sortzeari aplikatuko ez balira ere. HETELek parte hartzen duen “Entrepreneurs Anonimous” Erasmus+ proiektuan gaitasun sorta hori honela identifikatu da: produktibitatea, moldagarritasuna eta sormena, EQF gaitasunetan lan egiten egon den lan talde batek deskribatukoari jarraituz. Proiektua Eskoziako Colleges Partnership-ek koordinatzen du. Proiektu honetako helburu garrantzitsuena ekintzailetasunari lotutako gaitasun hauek Lanbide Heziketako edozein programetan lantzea litzateke, 4.0 langile guztientzat ezinbestekoak baitira. Glasgowen izandako proiektuaren lehenengo bileran helburu honi heltzeko lehen urratsak eman ditugu eta ondorengo hilabeteetan ikastetxeetan erabilgarriak izan daitezkeen emaitza interesgarriak izatea espero dugu.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Ekintzailetza emozio adimenaren ikuspegitik lantzeko EIDE proiektuari hasiera eman diogu!

Aste honetan HETEL international EIDE proiektuko bazkideekin Bruselan bildu da. Erasmus+ Proiektu honen helburua Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetza konpetentzia indartzea da, emozio adimena eta gaitasun digitalak landuz. Hasierako bilera honetan, EIDE proiektuaren emaitza biren gaineko gogoeta izan dugu ildo nagusitzat: alde batetik, adimen emozionalari buruzko norberak bere kabuz ikasteko online ikastaroa, eta bestetik, irakasleak gelan erabiltzeko ariketa koadernoa eta gida. Hurrengo hilabetetan emaitza hauetan lanean izango gaituzue. Jarraitu itzazue gure aurrerapenak HETELen webgunean.  

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

CyVETsecurity proiektuari hasiera eman diogu Tallinen

Aste honetan Tallinen hasiera eman diogun CyVETsecurity proiektuak, Ipar Irlandako, Eskoziako, Herbehereetako, Euskadiko, Estoniako eta Finlandiako erakundeak biltzen ditu. Erasmus+ programak diruz lagundutako proiektu honen koordinatzailea HETEL da. Proiektuaren helburua, profil profesional guztietan digitalizazioaren arriskuen gaineko kontzientziazioa eta datu eta informazioak babestearen garrantziaz jabetzea da. Horretarako, aditu eta enpresen laguntzarekin, material ezberdinak garatuko dira Lanbide Heziketako irakasle era ikasleek zibersegurtasunaren arloan beraien ezagutza eta konpetentziak hobetu ditzaten. HETELetik Maristak ikastetxeko irakaslea den Iratxe Lejarreta eta Egibide ikastetxeko irakaslea den Ugaitz Naya izango dira materialak garatzeko taldean arituko direnak. Honetaz gain, pertsona bi hauek lankidetzako metodologian trebatuko dituzte lantaldeko beste irakasle eta adituak. Proiektua hasi berri dugu eta Tallinetik oso sentsazio positiboekin bueltatu gara!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

DELTA lantaldeak Berlinen izan du bilera

DELTA Eskoziako Dundee & Angus College-k koordinatzen duen Erasmus+ proiektu bat da eta Alemania, Italia, Suedia eta Euskadiko bazkideak ditu. Proiektuaren lehenengo urtean zehar, lantaldeak “Google sites”en oinarritutako tresna bat garatu zuen, ikasle eta irakasleek portfolio digitalak egin ditzaten beraien gaitasunak modu erakargarriago batetan aurkezteko enpresen aurrean. Proiektuaren bigarren zatiari Berlineko bilera honetan hasiera eman zaio. Lantaldearen helburua enpresei zuzendutako tresna batzuk garatzea da, LH Dualera hurbildu daitezen eta lantokiko prestakuntza hobetu dezaten. Bilera honetan, lantokiko trebakuntzan eskema kolaboratiboen erabilerari dagokien praktika onak partekatu ditugu eta hauek azken ondorioetan bilduko ditugu, politika, enpresa eta hezkuntza mailetako ondorio eta gomendioekin batera. Port folio digitalak sortzeko tresna eta proiektu honetako bestelako emaitzak webean daude: www.deltaproject.eu

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

AUTO 4.0 proiektuko lantaldeak bilera izan du Boroako AIC-n

AUTO 4.0. erasmus+ proiektuaren helburua Europa mailan automobilgintzaren alorrean 4.0 industriari loturiko gaitasunak hautematea da, eta gaitasun hauek lantzeko prestakuntza materialak sortzea. Italiako Lanciano herrian izandako bileraren ostean, roadmap teknologikoak nola egiten diren ikasteko prestakuntza jaso zuten bazkide guztiak. Aste honetan Erresuma Batuko, Italiako, Alemaniako eta Euskadiko kideak AIC-k Boroan duen egoitzan bildu gara, herrialde bakoitzeko enpresek beharrezkotzat hartu dituzten gaitasunak konparatzeko eta proiektuaren ondorengo urratsak zehazteko. Datuak konparatu ahal izateko eta landuko diren gaitasun eta profil profesionalen aukeraketa errazteko, matrize bat egingo da. Martxoan AICk prestakuntza bat antolatuko du, herrialde bakoitzaren emaitzak partekatzeko eta partaideek aukeratutako gaitasunak lantzeko material didaktikoak sortu ahal izateko metodologia ikas dezaten.

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

Aste honetan HETELek Bollnäs udaleko enplegu departamentuaren bisita jaso du

Aste honetan Peter Wåglund eta Anita Bolkéus, Suediako Bollnäss udaleko enplegu zerbitzuko kideak, HETELen izan ditugu bisitan. Astean zehar, laneratzeari eta integrazioari loturiko hainbat ekimen ikusteko aukera izan dute; besteak beste, Peñascal, Bilboko Udala, Politeknika ikastegia Txorierri, Lea Artibai ikastetxea edo Otxarkoaga ikastetxearen esperientziak. Orokorrean bisitaren balorazioa oso positiboa izan da eta Euskadin egiten den lanaren inpresio ona daramate. Izan ere, gehien baloratu dutena alor honetako ekimen gehienetan ematen den lankidetza erakunde publiko eta pribatuen artean. Hau da maletan eramango duten praktika ona…abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

HETELen dinamika berritzaile bat antolatu dugu emakumeak heziketa ziklo industrialetan izena ematera animatu daitezen

Heziketa ziklo industrialetako geletan oso emakume gutxi ditugu, egoera honi aurre egiteko helburuarekin ikastetxeetako Zuzendariekin dinamika berritzaile bat planteatu dugu. Maider eta Leire, Durangoko Maristak ikastetxeko batxilergo zientifiko teknologikoko lehenengo mailako ikasleak, medikuntza ikasi nahi dute batxilergoa bukatzean….zer egin dezakegu heziketa ziklo industrial batetan izena eman dezaten? Ideia interesgarriak atera dira eta beraiek feedbacka eman digute…lortu ote dugu gure helburua? Atera dugun ondorioetako bat hauxe izan da: gazteen ez jakintasuna industrian dauden lanbideen inguruan…agian ezjakintasun hau orientatzaileek ere izan dezaketela esan genezake?

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta

HETELek Lanbide Heziketako Europar astean parte hartu du

Alfredo Garmendia, EfVETeko Steering Committee -ko HETELen ordezkaria, Vienan dago Europar Batzordeak Lanbide Hezikako Europar astearen 3. edizioan antolatutako ekimenetan parte hartzen – European Vocational Skills Week. Konkretuki, Europar Batzordeak Vienan Lanbide Heziketarekin lotura duten aktoreak bildu ditu – ikastetxeak, ikastetxe elkarteak, familiak, ikasleak, enpresak, europar agentziak eta bestelako erakunde publikoak-, bertan orain arte egindakoa aztertzeko eta Lanbide Heziketaren etorkizunaren gaineko gogoeta egiteko. Abantean!

Argitaratua
Albisteak gisa sailkatuta